Itun Zaharra

Itun Berria

Jeremias 32:21-36 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

21. Mirariak eta egintza harrigarriak eginez atera zenuen Israel zeure herria Egiptotik, ahalmen handiz eta esku bizkorrez atera ere, mundu guztia izutuz.

22. Esnea eta eztia darizkion lurralde hau eman zenien israeldarrei, arbasoei zin eginez agindu zenien lurraldea.

23. Baina jabe izateko bertara sartu zirenean, ez ziren zure esaneko izan, ez zituzten zure legeak bete, ez zuten zuk aginduaren arabera jokatu. Horregatik bidali diezu zoritxar handi hau.

24. «Begira, babiloniarrek eginak dituzte erasorako bideak, eta laster eroriko da Jerusalem erasotzaileen esku, gerrak, goseak eta izurriak beharturik. Iragarri zenuena ari da gertatzen, eta zu hor begira!

25. Zeuk agindu didazu, ordea, Jainko Jauna, alorra erosi eta lekukoen aurrean ordaintzeko. Eta hiria babiloniarren menpe erortzear dago… ».

26. Orduan, honela erantzun zion Jaunak Jeremiasi:

27. «Neu naiz Jauna, bizidun guztien Jainkoa. Niretzat ez da ezer ezinezkorik.

28. Bada, hau diot nik, Jaunak: Hiri hau babiloniarren eta Babiloniako errege Nabukodonosorren esku uzten dut, konkista dezaten.

29. Bertan sartuko dira erasotzen ari zaizkion babiloniarrak eta su emango diote; suak hiria irentsiko du eta hiriarekin batera etxeak, ni iraintzeko etxe gainetan Baali intsentsua erre eta atzerriko jainkoei isur-opariak eskaintzen zizkieten etxeak.

30. Izan ere, israeldarrek eta judatarrek, nik gaitzesten dudana egiten jardun dute gaztetandik; israeldarrek iraindu besterik ez naute egin berek eginiko idoloekin. Hala diot nik, Jaunak.

31. Hiri honek, egin zutenetik gaurdaino, haserre-sumina piztu dit eta suntsitzea erabaki dut,

32. israeldarrek eta judatarrek egin dituzten gaiztakeria guztiengatik: iraindu egin naute israeldarrek, beren errege eta buruzagiek, apaiz eta profetek, Judako eta Jerusalemgo bizilagun guztiek.

33. Bizkarra eman didate, ez aurpegia. Etengabe irakatsi diedan arren, ez didate aditu eta ez dute zentzatu nahi izan.

34. Beren idolo higuingarriak ipini dituzte niri sagaraturiko etxean, berau profanatuz.

35. Baali kultu-lekua eraiki diote Ben-Hinom haranean, beren seme-alabak Molok jainkoaren ohorez oparitan erretzeko. Nik ez diet horrelakorik sekula agindu, ez zait bururatu ere egin horrelako egintza nazkagarriz Juda bekatura bultzatzerik.

36. «Bada, orain, hala diot nik, Jaunak, Israelgo Jainkoak, guduak, goseak eta izurriak beharturik, Babiloniako erregearen eskuetan erori behar duela diozuen hiri honi buruz:

Irakurri kapitulu osoa Jeremias 32