Itun Zaharra

Itun Berria

Jeremias 29:1-11 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Jeremias profetak gutun bat bidali zien Jerusalemdik Nabukodonosorrek Babiloniara erbesteratu zituenei. Gutuna erbestean zeuden herri-agintari, apaiz, profeta eta beste guztiei zuzendua zegoen.

2. Ordurako, Jekonias erregea, ama erregina, jauregiko funtzionarioak, Judako eta Jerusalemgo buruzagiak, artisauak eta errementariak Jerusalemdik erbestera joanak ziren.

3. Judako errege Sedekiasek Nabukodonosor erregeari mandatari bezala bidali zizkion Xafanen seme Elasa eta Hilkiasen seme Gemariasen eskuz bidali zuen Jeremiasek gutuna. Hona beraren testua:

4. «Hau da Jaun ahalguztidunaren, Israelgo Jainkoaren, mezua Jerusalemdik Babiloniara erbesteratu guztientzat:

5. Eraiki etxeak eta bizi berorietan; egin baratzeak eta jan bertako fruituak.

6. Ezkon zaitezte eta sortu seme-alabak; ezkondu seme-alabak ere, umeak sor ditzaten. Ugal zaitezte bizi zareten tokian, ez gutxitu.

7. Arduratu erbesteraturik zaudeteneko herrialdearen ongizateaz eta egin otoitz Jaunari haren alde, haren ongizatea zeuen onerako izango baita.

8. «Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak, ohar hau ere egiten dizue: Ez zaitzatela engaina zuen artean bizi diren profetek eta igarleek, ez egin jaramonik berorien ameskeriei.

9. Zeren gezurra baita nire izenean iragartzen dizuetena. Ez dira nik bidaliak.

10. «Hau dio Jaunak: Babiloniako nagusigoak hirurogeita hamar urte iraungo du. Ondoren, zuen alde ekingo diot eta agindu nizuena beteko dut, toki honetara itzularaziz.

11. Gogoan dut zuen alde erabakia dudan egitasmoa, zuen zorionerakoa eta ez zuen zoritxarrerakoa, itxaropenez beteriko etorkizuna emango baitizuet. Hala diot nik, Jaunak.

Irakurri kapitulu osoa Jeremias 29