Itun Zaharra

Itun Berria

Jeremias 21:1-2-10 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1-2. Sedekias erregeak Malkiasen seme Paxhur eta Maaseiasen seme Sofonias bidali zizkion Jeremiasi esatera: «Mesedez, galdegiozu Jaunari gure partetik; izan ere, Babiloniako errege Nabukodonosor erasoan ari zaigu. Agian Jaunak bere mirarietako bat egingo digu eta alde egitera behartuko du Nabukodonosor».Orduan, Jaunak bere mezua adierazi zion Jeremiasi,

3. eta honek erantzun zien: «Esaiozue Sedekiasi

4. Jaunak, Israelgo Jainkoak, dioena: Harresiz kanpotik setiatzen ari zaizkizuen Babiloniako errege eta gudarostearen aurka borrokatzeko darabiltzazuen armak zeuen kontra bihurtuko ditut, eta babiloniarrak hiri honen erdian bilduko.

5. Neu borrokatuko naiz zuen aurka ahalmen handiz eta esku bizkorrez, haserre-suminez eta amorru biziz.

6. Hirian bizi diren guztiak zaurituko ditut, gizaki nahiz abere, eta izurrite beldurgarriz hilko dira.

7. Gero, Judako errege Sedekias, funtzionarioak eta izurrite, gerrate eta gosetearen ondoren bizirik gelditutako hiritarrak, Nabukodonosorren esku eta haiek hil nahian dabiltzan etsaien esku utziko ditut. Ezpataz hilko ditu Nabukodonosorrek, barkamenik, errukirik eta gupidarik gabe. Nik, Jaunak, esana».

8. Herriari, berriz, mezu hau adierazteko agindu zion Jaunak Jeremiasi: «Egokiera ematen dizuet bizia ala heriotza aukeratzeko.

9. Hirian gelditzen dena ezpataz, gosez edo izurriz hilko da. Baina hiritik irten eta hiria setiatzen ari diren babiloniarrengana igarotzen dena bizirik aterako da.

10. Izan ere, hiri honen gain ezarri ditut begiak, baina ez beraren onerako, kalterako baizik: Babiloniako erregearen esku utziko dut eta honek erre egingo du. Nik, Jaunak, esana».

Irakurri kapitulu osoa Jeremias 21