Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28
  29. 29
  30. 30
  31. 31
  32. 32
  33. 33
  34. 34
  35. 35
  36. 36
  37. 37
  38. 38
  39. 39
  40. 40
  41. 41
  42. 42
  43. 43
  44. 44
  45. 45
  46. 46
  47. 47
  48. 48
  49. 49
  50. 50
  51. 51
  52. 52
  53. 53
  54. 54
  55. 55
  56. 56
  57. 57
  58. 58
  59. 59
  60. 60
  61. 61
  62. 62
  63. 63
  64. 64
  65. 65
  66. 66

Itun Zaharra

Itun Berria

Isaias 36 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

Senakeribek Juda erreinuari eraso

1. Ezekiasen erregealdiko hamalaugarren urtean, Asiriako errege Senakeribek Judako hiri gotor guztiei eraso eta hartu egin zituen.

2. Asiriako erregeak ordezkari nagusia bidali zuen Lakixtik, gudaroste handi batekin, Jerusalemera Ezekias erregearen aurka. Goiko urtegirako ubide ondoan gelditu zen, oihal-garbitzailearen sororako bidean.

3. Hilkiasen seme Eliakim jauregizaina, Xebna idazkaria eta Asafen seme Joah, erregearen bozeramailea, atera ziren harengana.

4. Asiriar ordezkari nagusiak esan zien:—Eramaiozue Ezekias erregeari errege handiaren, Asiriako erregearen, mezu hau: «Zer dela-eta zaude hain ziur?

5. Uste al duzu hitz hutsek gerrako planak eta ausardiak bezainbat balio dutela? Norengan duzu zeure ustea, nire kontra jaikitzeko?

6. Egiptorengan? Hara, kanabera printzatua bezala da Egipto: euskarritzat hartzen duenari eskua zulatzen dio alderik alde. Horrelakoxea da Egiptoko errege faraoia, ustea berarengan duten guztientzat.

7. “Jaunarengan, geure Jainkoarengan, dugu ustea”, erantzungo didazu. Baina ez al ditu, bada, Jainko horren muinoetako kultu-leku eta aldareak kendu Ezekiasek, Juda eta Jerusalemgo jendeari Jauna Jerusalemgo aldarean bakarrik gurtzeko aginduz?

8. Ea, bada, egiozu desafio nire jaunari, Asiriako erregeari: bi mila zaldi emango dizkizut, beste hainbeste zaldun aurkitzeko gauza bazara.

9. Ezin diozu-eta atzera eragin nire ofizialik txikienetariko bati ere! Egiptok guda-gurdiak eta zaldiak emango dizkizulakoan al zaude?

10. Gainera, uste al duzu Jaunaren baimenik gabe etorri naizela lurralde honi eraso egin eta hondatzera? Jaunak berak esan dit lurralde honi eraso eta hondatzeko!»

11. Orduan, Eliakimek, Xebnak eta Joahek hau erantzun zioten asiriar ordezkari nagusiari:—Mesedez, hitz egiguzu arameeraz, ulertzen baitugu. Ez mintzatu hebreeraz, harresi gainean dagoen jendea entzuten ari da eta.

12. Ordezkari nagusiak ihardetsi zuen:—Zer uste duzu? Mezu hau zure erregeari eta zuri bakarrik esatera bidali nauela neure jaunak? Harresi gainean dagoen jende horrentzat ere bada, horiek ere beren kaka jan eta pixa edan beharko baitute, zuek bezalaxe.

13. Orduan, ordezkari nagusiak, zutiturik, deiadarka esan zuen hebreeraz mintzatuz:—Entzun ezazue errege handiaren, Asiriako erregearen, mezua:

14. «Ez zaitzatela engaina Ezekiasek, ezin izango baitzaituzte libratu.

15. Ez diezazuela Ezekiasek ustea Jaunarengan jarrarazi, Jaunak libratuko zaituztelakoan eta hiri hau Asiriako erregearen menpean eroriko ez delakoan».

16. Ez aditu Ezekiasi; entzun Asiriako erregeak dioena: «Egin bakezkoak nirekin eta jar zaitezte nire menpe. Horrela nork bere mahatsondoaren eta pikondoaren fruituak jan ahal izanen ditu eta bere putzuko ura edan.

17. Eta gero, zuena bezalako beste lurralde batera, garia eta ardoa, ogia eta mahastiak dituen lurraldera, eramango zaituztet.

18. Ez zaitzatela Ezekiasek engaina, Jaunak libratuko zaituztela esanez. Beste herrietako jainkoek libratu ote dituzte beren lurraldeak Asiriako erregearen eskutik?

19. Zer egin dute Hamat eta Arpadeko jainkoek? Zer Sefarbaimgo jainkoek? Libratu al dute Samaria nire eskutik?

20. Inongo jainkok ez du libratu bere lurraldea nire eskutik, eta Jaunak libratuko al du, bada, Jerusalem nire menpean erortzetik?»

21. Haiek isilik gelditu ziren; ez zioten hitzik erantzun, erregeak agindua baitzien ez erantzuteko.

22. Hilkiasen seme Heliakim jauregizainak, Xebna idazkariak eta Asafen seme Joah bozeramaileak, jantziak urraturik, Ezekiasengana joan eta ordezkari nagusiak esana adierazi zioten.