Itun Zaharra

Itun Berria

Irteera 9:22-35 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

22. Orduan, Jaunak agindu zion Moisesi: «Altxa eskua zerurantz, Egipto osoan kazkabarra eror dadin gizaki, abere eta landareen gainera».

23. Altxatu zuen Moisesek makila zerurantz eta Jaunak trumoi, tximista eta kazkabarra eginarazi zituen Egipto osoan;

24. egundoko kazkabarra egin zuen, tximista eta guzti: Egiptoko historia osoan ez zuen sekula horrelako harri-erauntsirik bota.

25. Kazkabarrak Egiptoko landetan zegoen guztia galdu zuen: gizaki, abere eta landareak; zuhaitzak ere zartatu egin zituen.

26. Israeldarrak bizi ziren Goxen eskualdean bakarrik ez zen kazkabarrik izan.

27. Orduan, faraoiak Moisesi eta Aaroni dei egin eta esan zien:—Oraingoan aitortzen dut neure errua. Jaunak zuzen jokatu du, nik eta nire herriak, berriz, oker.

28. Egiozue erregu Jaunari; trumoitik eta kazkabarretik aski dugu; joaten utziko dizuet, ez zaituztet gehiago geldiaraziko.

29. Moisesek erantzun zion:—Hiritik atera bezain laster, eskuak altxatuko dizkiot Jaunari otoitz egiteko. Orduan atertuko du kazkabar-erauntsia eta ez da gehiago trumoirik izango, jakin dezazun Jaunarena dela mundua.

30. Baina badakit ez zeu, ez zure funtzionarioak, ez zaudetela oraindik Jainko Jaunari men egiteko prest.

31. Liho- eta garagar-alorrak galdu egin ziren, burutua baitzegoen garagarra eta loratua lihoa.

32. Baina garia eta zekalea ez ziren galdu, berandukoak direnez.

33. Jauregitik eta hiritik irten zelarik, Moisesek eskuak altxatu zituen otoitzerako. Berehala atertu zituen kazkabarra eta euria, eta ez zen gehiago trumoirik izan.

34. Baina faraoiak, euria, kazkabarra eta trumoia gelditu zirela ikustean, bekatura jo zuen berriro. Bera eta bere funtzionarioak setatsu jarri ziren.

35. Bere teman jarraitu zuen faraoiak eta ez zien israeldarrei joaten utzi, Jaunak Moisesen bidez adierazi bezala.

Irakurri kapitulu osoa Irteera 9