Itun Zaharra

Itun Berria

Irteera 9:20-31 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

20. Faraoiaren zenbait funtzionariok, Jaunaren mehatxuaren beldurrez, aterpean ezarri zituen beren esklabo eta abereak;

21. baina Jaunaren esana aintzakotzat hartu ez zutenek kanpoan utzi zituzten.

22. Orduan, Jaunak agindu zion Moisesi: «Altxa eskua zerurantz, Egipto osoan kazkabarra eror dadin gizaki, abere eta landareen gainera».

23. Altxatu zuen Moisesek makila zerurantz eta Jaunak trumoi, tximista eta kazkabarra eginarazi zituen Egipto osoan;

24. egundoko kazkabarra egin zuen, tximista eta guzti: Egiptoko historia osoan ez zuen sekula horrelako harri-erauntsirik bota.

25. Kazkabarrak Egiptoko landetan zegoen guztia galdu zuen: gizaki, abere eta landareak; zuhaitzak ere zartatu egin zituen.

26. Israeldarrak bizi ziren Goxen eskualdean bakarrik ez zen kazkabarrik izan.

27. Orduan, faraoiak Moisesi eta Aaroni dei egin eta esan zien:—Oraingoan aitortzen dut neure errua. Jaunak zuzen jokatu du, nik eta nire herriak, berriz, oker.

28. Egiozue erregu Jaunari; trumoitik eta kazkabarretik aski dugu; joaten utziko dizuet, ez zaituztet gehiago geldiaraziko.

29. Moisesek erantzun zion:—Hiritik atera bezain laster, eskuak altxatuko dizkiot Jaunari otoitz egiteko. Orduan atertuko du kazkabar-erauntsia eta ez da gehiago trumoirik izango, jakin dezazun Jaunarena dela mundua.

30. Baina badakit ez zeu, ez zure funtzionarioak, ez zaudetela oraindik Jainko Jaunari men egiteko prest.

31. Liho- eta garagar-alorrak galdu egin ziren, burutua baitzegoen garagarra eta loratua lihoa.

Irakurri kapitulu osoa Irteera 9