Itun Zaharra

Itun Berria

Irteera 9:16-25 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

16. baina bizirik utzi zaitut nire ahalmena erakusteko eta mundu osoak nor naizen jakin dezan.

17. Hala ere, ene herriaren aurka jartzen zara, hemendik joaten galaraziz.

18. Bada, bihar ordu honetan egundoko kazkabar-erauntsia eroraraziko dut, Egiptoko historia osoan izan ez den bezalakoa.

19. Beraz, agindu barrura sartzeko zure abereak eta kanpoan duzun guztia, zeren kazkabarra egingo du eta kanpoan, aterperik gabe, aurkituko diren gizaki eta abere guztiak suntsituko».

20. Faraoiaren zenbait funtzionariok, Jaunaren mehatxuaren beldurrez, aterpean ezarri zituen beren esklabo eta abereak;

21. baina Jaunaren esana aintzakotzat hartu ez zutenek kanpoan utzi zituzten.

22. Orduan, Jaunak agindu zion Moisesi: «Altxa eskua zerurantz, Egipto osoan kazkabarra eror dadin gizaki, abere eta landareen gainera».

23. Altxatu zuen Moisesek makila zerurantz eta Jaunak trumoi, tximista eta kazkabarra eginarazi zituen Egipto osoan;

24. egundoko kazkabarra egin zuen, tximista eta guzti: Egiptoko historia osoan ez zuen sekula horrelako harri-erauntsirik bota.

25. Kazkabarrak Egiptoko landetan zegoen guztia galdu zuen: gizaki, abere eta landareak; zuhaitzak ere zartatu egin zituen.

Irakurri kapitulu osoa Irteera 9