Itun Zaharra

Itun Berria

Irteera 9:1-15 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Orduan, Jaunak esan zion Moisesi: «Zoaz faraoiagana eta esaiozu: Hau dio Jaunak, hebrearren Jainkoak: Utziozu ene herriari ni gurtzera joaten.

2. Baina utzi nahi ez eta bertan gelditzera behartzen badituzu,

3. Jaunaren zigorra landako abereen gainera eroriko da, zaldi, asto, gamelu, behi eta ardien gainera; izurri larria izango da.

4. Baina Jaunak bereizkuntza egingo du israeldarren eta egiptoarren abereen artean: ez da israeldarren abererik bat bera ere hilko».

5. Jaunak, gainera, epea ezarri zuen, esanez: «Bihar egingo dut hau lurralde honetan».

6. Biharamunean, esana bete zuen Jaunak: egiptoarren abereak oro hil ziren, eta bat ere ez israeldarrenen artean.

7. Faraoiak ikertzeko agindu zuen, eta egia zen israeldarren abererik ez zela galdu. Hala ere, bere teman jarraitu zuen faraoiak eta ez zien israeldarrei joaten utzi.

8. Orduan, Jaunak esan zien Moisesi eta Aaroni: «Hartu labetik eskua bete kedar eta jaurti dezala Moisesek zerurantz faraoiaren aurrean;

9. hauts bihurtuko da eta lurralde osora hedatuko, eta Egiptoko gizakiak eta abereak zauri zornetsuz josirik geldituko dira».

10. Hartu zuten Moisesek eta Aaronek labetik kedarra eta Moisesek zerurantz jaurti zuen faraoiaren aurrean: gizakiak zein abereak zauri zornetsuz josirik gelditu ziren.

11. Aztiek ez zuten Moisesi aurre egiterik izan, haiek ere beste egiptoar guztiak bezala zauriz josirik baitzeuden.

12. Baina Jaunak faraoia setatsu bihurtu zuen eta honek ez zien kasurik egin Moisesi eta Aaroni, Jaunak Moisesi adierazi bezala.

13. Jaunak esan zion Moisesi: «Bihar goizean goiz jaiki eta zoaz faraoiari esatera: Hala dio Jaunak, hebrearren Jainkoak: Utziozu ene herriari ni gurtzera joaten;

14. zeren oraingo honetan izurri guztiak bidaliko ditut zure aurka eta zure funtzionario eta herriaren aurka, jakin dezazun ez dagoela munduan ni adinakorik.

15. Nire ahalmen guztia erakutsi nahi izan banu zu eta zure herria izurriz jotzean, honezkero suntsitua zinatekeen mundu honetatik;

Irakurri kapitulu osoa Irteera 9