Itun Zaharra

Itun Berria

Irteera 8:7-17 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

7. Igelak desagertuko dira zure jauregitik, zure funtzionario eta herriarengandik, eta Nilo ibaian soilik geratuko dira.

8. Moisesek eta Aaronek faraoiaren aitzinetik alde egin zuten. Orduan, Moisesek oihu egin zion Jaunari faraoiari bidalitako igel-izurria ken ziezaion.

9. Jaunak Moisesek eskatua egin zuen: etxe, atari eta landetan zeuden igelak hil egin ziren.

10. Multzotan pilatu zituzten eta kiratsez bete zen lurralde osoa.

11. Alabaina, estuasuna pasa ondoren, bere teman jarraitu zuen faraoiak eta ez zien Moisesi eta Aaroni jaramonik egin, Jaunak esan bezala.

12. Jaunak esan zion Moisesi: «Esaiozu Aaroni makila luzatu eta lurra jotzeko, eta lurreko hautsa eltxo bihurtuko da Egipto osoan».

13. Hala egin zuten. Aaronek eskuan zeraman makila luzatu eta lurra jo zuen, eta Egiptoko hauts guztia gizaki eta abereentzat gogaikarri zen eltxo-izurri bihurtu zen.

14. Aztiak ere ahalegindu ziren beren azti-baliabidez eltxoak sortzen, baina ez ziren gauza izan. Eltxoek gizaki eta abereei eraso egiten zieten.

15. Orduan, aztiek faraoiari esan zioten:—Jainkoaren eskua ari da hemen!Baina faraoia berean tematu zen eta ez zien jaramonik egin, Jaunak esan bezala.

16. Jaunak esan zion Moisesi: «Bihar goizean goiz jaiki eta zoaz faraoiagana, ibaira doanean, eta esaiozu: Hala dio Jaunak: Utziozu ene herriari ni gurtzera joaten.

17. Ez badiozu uzten, ezpateuli-izurria bidaliko dizuet, zuri, zure funtzionario eta herriari: Egiptoko etxe guztiak eta inguruak ezpateuliz beteko dira.

Irakurri kapitulu osoa Irteera 8