Itun Zaharra

Itun Berria

Irteera 5:9-23 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

9. Ezar iezaiezue lan astunagoa eta beude lanpeturik, eta ez diezaietela kontu horiei jaramonik egin».

10. Lan-arduradunek eta langilezainek herriari esan zioten: «Faraoiaren aginduz, ez zaizue lastorik emango aurrerantzean;

11. zeuek joan beharko duzue bila, dagoen lekura. Baina lana ez zaizue inola ere gutxituko».

12. Israeldarrak Egipto osoan sakabanatu ziren soroetan lasto bila.

13. Lan-arduradunek estutu egiten zituzten, esanez: «Burutu zeuen egitekoa, egunean egunekoa, lastoa zeneukatenean bezala».

14. Faraoiaren lan-arduradunek, beraiek izendaturiko langilezain israeldarrak zigortzen zituzten, esanez: «Zergatik ez duzue atzo eta gaur osotu ezarritako adreilu-kopurua, orain arte bezala?»

15. Hala, langilezain israeldarrak faraoiari joan zitzaizkion oihuka:—Jauna, zergatik erabiltzen gaituzu honela zeure zerbitzariok?

16. Lastorik ematen ez eta adreiluak egiteko agintzen digute eta jo egiten gaituzte, errua zure herriarena izanik.

17. Faraoiak erantzun zien:—Alfer hutsak zarete! Horrexegatik diharduzue Jaunari sakrifizioak eskaintzera joan behar duzuela esaten.

18. Zoazte lanera! Ez zaizue lastorik emango, baina adreilu-kopuru bera egin beharko duzue.

19. Langilezain israeldarrak estu eta larri zebiltzan eguneroko adreilu-kopurua ez zietela gutxituko jakitean.

20. Faraoiaren etxetik ateratzean, beraien zain zeuden Moises eta Aaronekin topo egin zuten.

21. Langilezainek esan zieten: «Jaunak kontu hartu eta epai zaitzatela, zuen erruz hartu baikaituzte begitan faraoiak eta beronen funtzionarioek: ezpata eman diezue eskura, hil gaitzaten».

22. Orduan, Moisesek, Jaunarengana itzulirik, esan zion:—Jauna, zergatik erabiltzen duzu hain gaizki herri hau? Zertarako bidali nauzu?

23. Faraoiak, zure izenean mintzatzera etorri natzaionetik, are gaizkiago erabili du zure herria eta zuk ez duzu deus ere egin libratzeko.

Irakurri kapitulu osoa Irteera 5