Itun Zaharra

Itun Berria

Irteera 4:9-22 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

9. baina ez badizute sinesten, ez jaramonik egiten, atera ura ibaitik eta isuri lurrean: ura odol bihurtuko da.

10. Moisesek esan zion Jaunari:—Ai Jauna! Ni ez naiz hizketan trebea; ez naiz sekula izan, ezta orain ere, zuk niri hitz egin ondoren. Hizmotela nauzu, hizketarako traketsa.

11. Jaunak erantzun zion:—Nork eman dio mihia gizakiari? Nork egiten du gizakia mutu ala gor, itsu ala ikusle, nik, Jaun honek, izan ezik?

12. Zoaz, bada; zeurekin izango nauzu hitz egin behar duzunean, zer esan adierazteko.

13. Moisesek, ordea, esan zion:—Arren, Jauna, ni ez, bidali besteren bat.

14. Haserretu zen Jauna Moisesen aurka eta esan zion:—Hor duzu Aaron zeure anaia, lebitarra. Badakit ongi hitz egiten duela. Gainera, bidera datorkizu bera, eta asko poztuko da zu ikusteaz.

15. Berari adieraziko diozu zer esan behar duen; ni, berriz, zeuekin biokin izango nauzue, hitz egin behar duzuen bakoitzean. Eta zer egin eta zer esan ere irakatsiko dizuet.

16. Zuk nire mezua Aaroni adieraziko diozu eta bera mintzatuko zaio zure ordez herriari.

17. Hartu eskuan makila, beronen bidez egingo baitituzu mirariak.

18-19. Moises bere aitaginarreba Jetrorengana itzuli zen. Madianen zegoela, Jaunak esan zion: «Itzuli Egiptora, hilak baitira zu hil nahian zebiltzanak».Orduan, Moisesek Jetrori esan zion:—Uztazu joaten. Egipton diren neure anaiengana itzuli behar dut, oraindik bizirik dirauten ikusteko.Jetrok erantzun zion:—Zoaz bakean.

20. Emaztea eta semea hartu eta asto gainera igoaraziz, Egiptora itzuli zen Moises; Jainkoaren makila zeraman berekin.

21. Jaunak beste hau ere esan zion: «Egiptora bidean, ez ahaztu zure esku utzi ditudan egintza harrigarri guztiak, faraoiaren aurrean burutu behar dituzu eta. Halaz guztiz ere, setatsu bihurtuko dut faraoia eta ez dio herriari joaten utziko.

22. Orduan, faraoiari esango diozu: Honela dio Jaunak: Ene lehen-semea dut Israel.

Irakurri kapitulu osoa Irteera 4