Itun Zaharra

Itun Berria

Irteera 30:12-30 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

12. «Israeldarren errolda egitean, haietariko bakoitzak zerga emango du Jaunarentzat bere biziaren ordain, erroldatzea dela-eta izurri hilgarririk gerta ez dadin.

13. Erroldatua den gizaseme orok bost gramo zilar ordainduko du Jaunarentzat, santutegian erabili ohi den pisu-neurriaren erdia.

14. Erroldatua den hogei urtez gorako gizaseme orok ordainduko du zerga hori Jaunarentzat.

15. Nork bere biziaren ordain Jaunarentzat zerga ematean, ez du aberatsak bost gramo baino gehiago ordainduko, ezta pobreak ere gutxiago.

16. Beraz, jaso ezazu israeldarrek beren biziaren ordain ematen duten zilarra, eta eman elkarketa-etxolako kultu-zerbitzurako. Honela, gogoan izango ditu Jaunak bai israeldarrak, bai berauek beren biziaren ordain emandako eskaintza».

17. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

18. «Egin uraska garbikuntzetarako; uraska eta beronen oina brontzezkoak izango dira. Ipini uraska elkarketa-etxolaren eta aldarearen artean, eta bete urez.

19. Aaronek eta beronen semeek han garbituko dituzte esku-oinak.

20. Elkarketa-etxolan sartzean, esku-oinak garbituko dituzte, hil nahi ez badute; orobat, beren zerbitzua betetzeko, Jaunari opariak erretzeko, aldarera hurbiltzean.

21. Esku-oinak garbituko dituzte, beraz, hil nahi ez badute. Betiko lege izango da hau Aaronentzat eta beronen ondorengoentzat belaunez belaun».

22. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

23. «Hartu usainkirik bikainenak: sei kilo mirra isurkor, hiru kilo kanela eta beste hiru kilo kanabera usaintsu,

24. sei kilo kasia santutegiko pisu-neurriaren arabera, eta lau litro oliba-olio.

25. «Horrekin guztiarekin gantzuketa-olioa egingo duzu, lurringileak egiten duen bezala usainkiak nahasiz. Hori izango da sagarapenetarako gantzuketa-olioa.

26. Horrekin sagaratuko dituzu elkarketa-etxola, itun-kutxa,

27. mahaia bere tresnekin, argimutila bere tresnekin, intsentsu-aldarea,

28. erre-oparien aldarea bere tresnekin eta uraska bere oinarekin.

29. Sagaratu egingo dituzu eta guztiz sakratu bihurtuko dira, eta horiek ukitzen dituena ere sakratu gertatuko da.

30. Gantzutu Aaron eta beronen semeak, eta sagaratu nire apaiz-zerbitzurako.

Irakurri kapitulu osoa Irteera 30