Itun Zaharra

Itun Berria

Irteera 3:10-22 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

10. Zoaz, bada; faraoiagana bidaltzen zaitut, ene herria, israeldarrak, Egiptotik atera ditzazun.

11. Moisesek esan zion, orduan:—Nor naiz ni faraoiagana joateko, nor israeldarrak Egiptotik ateratzeko?

12. Jainkoak erantzun zion:—Zeurekin izango nauzu. Eta hona zertan ezagutuko den nik bidaltzen zaitudala: herria Egiptotik aterako duzunean, mendi honetan gurtuko nauzue.

13. Baina Moisesek ihardetsi zion:—Hara, ni israeldarrengana joan eta «Zuen arbasoen Jainkoak bidali nau zuengana» esango diedanean, «Nola du izena?» galdetuko didate haiek. Zer erantzun behar diet orduan?

14. Jainkoak erantzun zion:—Izango naizena naiz. Beraz, honela esango diezu israeldarrei: «Izango naizena naiz» deritzanak bidali nau zuengana.

15. Jainkoak Moisesi esan zion, gainera:—Esan israeldarrei: Jaunak, zuen arbaso Abraham, Isaak eta Jakoben Jainkoak, zuengana bidali nau. Horixe izango da nire izena betiko; hala deituko naute belaunez belaun.

16. «Ea, zoaz, bildu Israelgo herri-arduradunak eta esaiezu: Jauna, zuen arbaso Abraham, Isaak eta Jakoben Jainkoa, agertu zait eta Egipton egiten dizuetena ikusi duela esan dit eta zuen alde esku-hartzea erabaki duela.

17. Beste hau ere esan dit: Egiptoko atsekabeetatik aterako zaituztela eta esnea eta eztia darizkion lurraldera igoaraziko, kanaandar, hitita, amortar, periztar, hibiar eta jebustarren lurraldera.

18. «Herri-arduradunek adituko dizute eta haiekin batera Egiptoko erregeagana joango zara eta esango diozue: “Jauna, hebrearren Jainkoa, agertu zaigu; beraz, hiru eguneko bidea egin behar dugu basamortuan barrena, gure Jainko Jaunari sakrifizioak eskaintzeko”.

19. Badakit Egiptoko erregeak ez dizuela joaten utziko, beharturik ez bada.

20. Orduan, ahalmen handiz jokatuko dut eta egiptoarrak joko ditut beraien artean egingo ditudan egintza harrigarriez; ondoren, utziko dizuete irteten.

21. Gainera, egiptoarren abegi ona irabaziko duzue, irtetean esku-hutsik joan ez zaitezten.

22. Emakume israeldarrek nork bere auzokoari eta aldamenekoari zilar eta urrezko bitxiak eta seme-alabentzat jantziak eskatuko dizkiote; honela, egiptoarrei beren ondasunak kenduko dizkiezue».

Irakurri kapitulu osoa Irteera 3