Itun Zaharra

Itun Berria

Irteera 3:1-13 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Moisesek Madiango apaiz Jetro bere aitaginarrebaren artaldea zaintzen zuen. Behin batean, basamortuan barrena eraman zuen artaldea eta Jainkoaren mendiraino, Horeberaino, iritsi zen.

2. Han, Jaunaren aingerua agertu zitzaion sasi artean pizturiko sugarretan. Moises begira jarri zen: sasia, sutan egon arren, ez zen erretzen.

3. Moisesek bere buruari ziotson: «Hurbil nadin gauza harrigarri hori ikustera: nola liteke sasia ez erretzea?»

4. Begiratzera zetorrela ikustean, Jaunak dei egin zion sasi artetik:—Moises! Moises!Hark erantzun:—Hemen nauzu!

5. —Ez hurbildu —esan zion Jaunak—. Erantzi oinetakoak, zauden lekua lur santua baita.

6. Ni zure aitaren Jainkoa naiz, Abraham, Isaak eta Jakoben Jainkoa.Moisesek aurpegia estali zuen, Jainkoari begiratzeko beldur baitzen.

7. Jaunak esan zion, gainera:—Ongi ikusia dut nire herriaren atsekabea Egipton eta entzuna haien oihua zapaltzaileen zigorpean; bai, ohartu naiz haien oinazeaz.

8. Egiptoarren eskuetatik libratzera etorri naiz eta lurralde honetatik, esnea eta eztia darizkion lurralde zabal eta jori batera igoaraztera, hots, orain kanaandar, hitita, amortar, periztar, hibiar eta jebustarrena den lurraldera.

9. Hara, nireganaino heldu da israeldarren deiadarra, eta ikusi dut zeinen gogor erabiltzen dituzten egiptoarrek.

10. Zoaz, bada; faraoiagana bidaltzen zaitut, ene herria, israeldarrak, Egiptotik atera ditzazun.

11. Moisesek esan zion, orduan:—Nor naiz ni faraoiagana joateko, nor israeldarrak Egiptotik ateratzeko?

12. Jainkoak erantzun zion:—Zeurekin izango nauzu. Eta hona zertan ezagutuko den nik bidaltzen zaitudala: herria Egiptotik aterako duzunean, mendi honetan gurtuko nauzue.

13. Baina Moisesek ihardetsi zion:—Hara, ni israeldarrengana joan eta «Zuen arbasoen Jainkoak bidali nau zuengana» esango diedanean, «Nola du izena?» galdetuko didate haiek. Zer erantzun behar diet orduan?

Irakurri kapitulu osoa Irteera 3