Itun Zaharra

Itun Berria

Irteera 19:12-25 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

12. Ezarri mugak mendi inguruan eta esaiozu herriari ez igotzeko mendira, ezta hurbildu ere maldara: mendira hurbiltzen denak heriotza-zigorra izango du.

13. Gizaki nahiz abere, ez da inor bizirik geldituko. Baina ez dio inork errudunari eskua erantsiko, baizik eta harriz edo geziz hilko dute. Turuta jotzean soilik igo ahal izango dira batzuk mendira».

14. Jaitsi zen Moises menditik, eta garbikuntza eginarazi eta arropa garbiarazi zien israeldarrei.

15. Eta esan zien: «Egon zaitezte gertu etzirako. Bitartean ez zaitezte hurbil zeuen emazteengana».

16. Hirugarren eguna argitzean, trumoiak eta tximista, laino itxia eta turuta-hots ozena izan ziren mendi gainean. Beldur-ikaraz gelditu zen herri osoa kanpalekuan.

17. Orduan, Moisesek herria kanpalekutik aterarazi zuen Jainkoarekin aurkitzeko, eta mendi barrenean gelditu ziren.

18. Sinai mendi osoa ketan zegoen, su artean jaitsia baitzen Jauna. Labetik bezala igotzen zen kea eta mendi guztia zegoen dardara batean.

19. Gero eta ozenagoa zen turuta-hotsa: Moises mintzatu eta Jainkoak trumoi-hotsez erantzuten zion.

20. Jauna Sinai mendiaren gailurrera jaitsi eta bertara dei egin zion Moisesi. Igo zen Moises,

21. eta Jaunak esan zion:—Jaitsi eta ohartarazi herriari, ez dadila ni ikusten ahalegindu, asko eta asko hilik eror ez daitezen.

22. Niregana hurbil daitezkeen apaizek beraiek ere egin dezatela garbikuntza, haien artean sarraskirik egin ez dezadan.

23. Moisesek esan zion Jaunari:—Herria ez da ausartuko Sinai mendira igotzera, zuk zeuk ohartarazi baitiguzu eta agindu mendiari mugak ezartzeko eta sakratutzat hartzeko.

24. Baina Jaunak esan zion:—Jaits zaitez eta igo berriro Aaronekin. Baina apaizak eta herria ez daitezela ahalegin niregana igotzen, haien artean sarraskirik egin ez dezadan.

25. Jaitsi zen Moises eta israeldarrei hitz egin zien.

Irakurri kapitulu osoa Irteera 19