Itun Zaharra

Itun Berria

Irteera 10:1-13 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Jaunak esan zion Moisesi: «Zoaz faraoiagana. Bera eta bere funtzionarioak setatsu bihurtu ditut, neure mirariak haien artean erakusteko,

2. eta zuk kontatu ahal izango diezu zeure seme eta bilobei nola erabili ditudan egiptoarrak eta zer mirari egin ditudan haien artean. Honela jakingo duzue ni naizela Jauna».

3. Moisesek eta Aaronek faraoiagana joan eta esan zioten: «Hau dio Jaunak, hebrearren Jainkoak: Noiz arte jardun behar duzu niri amore eman nahi ezta? Utziozu ene herriari ni gurtzera joaten;

4. bestela, bihar larrapoteak erakarriko ditut zure lur-mugetara;

5. dena estaliko dute, lurra bera ezin ikusteraino. Kazkabarrak hondatzeke utziriko apurra ere jan egingo dute eta baita landetan ernetzen ari diren zuhaitzak ere.

6. Zure jauregia eta zure funtzionario eta egiptoar guztien etxeak beteko dituzte. Zure guraso eta aiton-amonen egunetatik gaurdaino ikusi ez den bezalakoa izango da».Eta hori esanda, Moisesek faraoiari bizkarra eman eta alde egin zuen.

7. Funtzionarioek esan zioten faraoiari: «Noiz arte jardun behar du gizon horrek guri zorigaitza sortzen? Utziezu beren Jainko Jauna gurtzera joaten. Ez al zara ohartzen, jauna, galzorian dagoela Egipto?»

8. Faraoiak Moises eta Aaron etorrarazi zituen eta esan zien:—Zoazte! Gurtu Jauna, zeuen Jainkoa. Baina joatekoak zein zareten esan behar didazue.

9. Moisesek erantzun zion:—Gure haur eta agureekin, gure ardi eta behiekin joan behar dugu, Jaunaren festa nagusia baita guretzat.

10. Faraoiak, orduan:—Bai, eta Jauna izan dezazuela lagun! Baina zuen haur eta guzti joaten utziko dizuedala uste al duzue? Ez horixe! Argi dago asmo txarretan zabiltzatela.

11. Joan zintezkete, bai, Jauna gurtzera, hala nahi izanez gero, baina gizon helduak beste inor ez.Eta jauregitik bota egin zituen.

12. Orduan, Jaunak esan zion Moisesi: «Luzatu eskua Egiptoren gain, larrapoteak etor daitezen eta kazkabarrak jo gabe utzi zituen landareak eta gainerako guztia jan ditzaten».

13. Luzatu zuen Moisesek makila Egiptoren gain eta, Jaunak eraginik, ekialdeko haizeak jo zuen lurraldean egun osoan eta gau osoan. Biharamun goizerako, ekialdeko haizeak larrapoteak ekarriak zituen.

Irakurri kapitulu osoa Irteera 10