Itun Zaharra

Itun Berria

Hasiera 44:9-22 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

9. Beraz, gutariko bati edalontzia aurkitzen bazaio, hila bedi; eta gu geu, jauna, zure esklabo bihurtuko gara.

10. Etxeko arduradunak, orduan:—Ongi da! Baina edalontzia aurkitzen zaion hura bakarrik bihurtuko da nire esklabo; besteok errugabe izango zarete.

11. Berehala, nork bere zakua lurrera eraitsi eta ireki egin zuen.

12. Gizonak anaia guztien zakuak ikertu zituen. Benjaminen zakuan aurkitu zuten edalontzia.

13. Orduan, anaiek beren jantziak urratu zituzten eta, nork bere astoa kargaturik, hirira itzuli ziren.

14. Juda eta beste anaiak Joseren etxean sartu —hantxe baitzegoen oraindik Jose— eta lurreraino ahuspeztu zitzaizkion.

15. Josek esan zien:—Baina, zer egin duzue? Ez al zenekiten ni bezalako batek den-dena igar dezakeela?

16. Judak erantzun zion:—Zer esan diezazukegu, jauna? Zein aitzakia jarri? Nola zuritu geure burua? Jainkoak berak nabarmen jarri du gure bekatua. Zeure esklabo gaituzu, jauna, gu denok eta bai edalontzia aurkitu zaiona ere.

17. Josek erantzun zuen:—Ez dut inola ere horrelakorik egingo! Edalontzia aurkitu zaion hura bakarrik izango da nire esklabo; gainerako guztiok zoazte bakean zeuen aitarengana.

18. Judak, Joserengana hurbilduz, esan zion:—Arren, jauna, utziozu zeure zerbitzari honi bi hitz esaten; faraoiaren pareko zara zu eta ez zakizkit haserre!

19. Aurreko txandan zuk, jauna, aitarik nahiz beste anaiarik ba ote genuen galdetu zenigun.

20. Baietz erantzun genizun: bagenuela oraindik aita zaharra, eta zahartzaroan jaio zitzaion seme bat ere bai. Gure aitak oso maite zuela, berau zelako bere emazte kutunarengandik gelditzen zitzaion bakarra, bestea hila zuenez.

21. Anaia hura hona ekartzeko esan zenigun zure zerbitzarioi, ikusi nahi zenuela eta.

22. Guk, aldiz, adierazi genizun, jauna, mutikoak ezin zuela aita utzi, aita hilko ez bazen.

Irakurri kapitulu osoa Hasiera 44