Itun Zaharra

Itun Berria

Hasiera 42:13-26 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

13. Haiek, ordea:—Zure zerbitzariok hamabi ginen, aita bat beraren semeak, Kanaan lurraldekoak; gazteena aitarekin da orain eta bestea ez da gure artean.

14. Josek, berriro:—Horixe zelatariak zaretela!

15. Eta besterik frogatu nahi baduzue, ekatzue hona zeuen anaia gazteena. Bien bitartean, ala faraoia!, ez zarete hemendik aterako.

16. Bidali zeuetariko bat anaiaren bila; gainerakoak preso geldituko zarete; honela frogatuko duzue egia diozuela. Bestela, ala faraoia!, zelatariak zarete.

17. Eta kartzelara sartu zituen hiru egunerako.

18. Hirugarren egunean Josek esan zien: «Egizue nire esana eta bizirik aterako zarete, nik neuk ere begirune baitiot Jainkoari.

19. Egia baldin badiozue, geldi bedi zuetariko bat preso, guztiok egon zareten kartzela horretan. Gainerakook joan zintezkete garia eramatera etxekoen gosea asetzeko.

20. Gero, ekarri zeuen anaia gazteena. Orduan frogatuko duzue egia diozuela eta ez zarete hilko».Onartu zuten proposamena.

21. Bien bitartean honela ziotsoten elkarri: «Ai ene! Geure anaiari eginikoa ari gara ordaintzen. Estuasunean ikusi eta erreguka ari zitzaigunean, ez genion jaramonik egin. Hara nondik datorkigun oraingo larrialdi hau!»

22. Rubenek esan zien: «Esan nizuen nik mutikoari kalterik ez egiteko, baina ez zenidaten jaramonik egin. Orain, haren heriotzaren kontua eskatzen zaigu».

23. Ez zekiten Josek ulertzen ziela, itzultzaile baten bitartez mintzatzen baitzitzaien.

24. Josek, haiengandik urrunduz, negarrari eman zion. Gero, berriro etorri eta beraiekin mintzatzen jarraitu zuen. Azkenik, Simeon hartu eta beraien aurrean atxilotu zuen.

25. Gero, haien zakuak gariz bete, bakoitzari bere dirua itzuli eta biderako jan-edariak emateko agindu zuen. Eta hala egin zieten.

26. Zakuak asto gainean kargatu eta alde egin zuten.

Irakurri kapitulu osoa Hasiera 42