Itun Zaharra

Itun Berria

Hasiera 41:7-22 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

7. Zazpi galburu meharrok irentsi egin zituzten beste aletsu eta bete haiek. Une horretan esnatu eta ametsa izan zela ohartu zen faraoia.

8. Eguna zabaldu zuenean, oso urduri zegoen faraoia eta, Egiptoko azti eta jakintsu guztiei deiturik, ametsa kontatu zien. Baina inor ez zen gauza izan faraoiaren ametsak argitzeko.

9. Orduan, edarizainen arduraduna mintzatu zitzaion, esanez: «Gaur datorkit burura neure errua.

10. Faraoi jauna, okin-arduraduna eta bion aurka haserretu zinen hartan, guardiaburuaren kartzelara eraman gintuzun.

11. Gau batean, amets egin genuen biok, bakoitzaren ametsa bere esanahi bereziarekin.

12. Bazen han gurekin hebrear gazte bat, guardiaburuaren esklaboa. Kontatu genizkion geure ametsak, eta hark bakoitzaren esanahia argitu zigun.

13. Eta gertatu ere, berak eman zigun argibidearen arabera gertatu zitzaigun: ni neure karguan ezarri ninduzun berriro; bestea, aldiz, urkatu».

14. Faraoiak Joseren bila joateko agindu zuen eta berehala kartzelatik atera zuten. Bizarra moztu, arropak aldatu eta faraoiagana eraman zuten.

15. Honek esan zion:—Amets bat izan dut, eta ez dut inor aurkitu esanahia argitzeko gauza denik. Ametsa entzun orduko, ba omen dakizu zuk haren esanahia.

16. Josek ihardetsi zion:—Nik ez, faraoi jauna; Jainkoak berak emango dizu erantzuna zeure onerako.

17. Faraoiak kontatu zion: «Nire ametsean, Nilo bazterrean nengoela,

18. zazpi behi guri eta eder ibaitik atera eta larrean hasi ziren.

19. Ondoren, beste zazpi behi itxura txarreko eta argal atera ziren. Haiek bezain eskasik ez zen inoiz ordu arte ikusi Egipto lurraldean.

20. Behi argal eta eskas hauek, ordea, lehengo zazpi behi guriak irentsi zituzten.

21. Eta, sabelean eduki arren, ez zitzaien igartzen, lehen bezain itxura txarra baitzuten. Une horretan esnatu nintzen.

22. «Amets egin nuen berriro: gariaren gerri beretik zazpi galburu aletsu eta eder erne ziren.

Irakurri kapitulu osoa Hasiera 41