Itun Zaharra

Itun Berria

Hasiera 38:11-24 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

11. Ondoren, Judak Tamar bere errainari esan zion: «Itzuli aitaren etxera eta bizi han alargun gisa nire seme Xela handi egin arte».Beste anaiak bezala hilko zen beldurrez esan zion hau. Tamar, beraz, bere aitaren etxera itzuli zen.

12. Denboraldi luze baten ondoren, hil zen Judaren emaztea, Xuaren alaba. Dolualdia bukatu zuenean, Timnara igo zen Juda ardi-moztera Adulamgo bere adiskide Hirarekin.

13. Tamarri esan zioten aitaginarreba ardi-moztera zihoala Timnara.

14. Orduan, Tamar, alargun-soinekoak erantzi eta, inork ez antzemateko bere burua zapiz estalirik, Timna bidean dagoen Enaim hiriko sarreran jarri zen. Izan ere, Xela handi egin zela ikusten zuen, baina ez ziotela senartzat ematen.

15. Judak ikusi eta emagaldutzat hartu zuen, estalia baitzuen aurpegia.

16. Ez zen ohartu bere erraina zela. Hala, hurbildu eta esan zion:—Uztazu zurekin oheratzen.Hark galdetu zion:—Zer emango didazu ordainetan?

17. Judak erantzun:—Artaldeko antxume bat bidaliko dizut.Tamarrek, orduan:—Baina beste zerbait utzi beharko didazu bahituran, antxumea bidali bitartean.

18. Judak erantzun:—Zer uztea nahi duzu?Eta Tamarrek:—Zeure zigilua bere lokarriarekin, eta eskuan daramazun makila.Eman zizkion Judak, elkartu eta haurdun utzi zuen.

19. Orduan, alde egin zuen Tamarrek. Estaltzen zuen zapia kendu eta alargun-soinekoak jantzi zituen berriro.

20. Gerora, antxumea igorri zuen Judak Adulamgo adiskidearen bidez, emakumeagandik bahitura jasotzeko, baina ez zuen aurkitu.

21. Adiskideak bertako jendeari galdegin zion:—Non da Enaimen, bide-bazterrean, egon ohi zen emagaldua?Haiek erantzun zioten:—Hemen ez da inoiz emagaldurik egon.

22. Judarengana itzuli eta esan zion:—Ez dut aurkitu; gainera, bertako jendeak dioenez, han ez da inoiz emagaldurik izan.

23. Orduan, Judak esan zuen:—Ba, jaso ditzala beretzat; ez gaitu barregarri utziko. Dena den, bidali diot antxumea eta ez duzu aurkitu.

24. Handik hiru hilabetera, berri hau eman zioten Judari:—Tamar, zure erraina, emagaldu bihurtu da eta, horren ondorioz, haurdun dago.Judak esan zuen:—Kanpora atera eta erre dezatela.

Irakurri kapitulu osoa Hasiera 38