Itun Zaharra

Itun Berria

Hasiera 37:1-18 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Jakob Kanaanen bizi zen, beraren gurasoak atzerritar gisa ibili ziren lurraldean.

2. Hona Jakoben senitartearen historia.Jose, hamazazpi urteko gaztea zelarik, artzaintzan zebilen bere anaiekin, bere aitaren emazte Bilha eta Zilparen semeekin. Josek bere anaien gaiztakeriaren berri ematen zion aitari.

3. Israelek maiteago zuen Jose beste seme guztiak baino, zahartzaroko semea baitzuen, eta jantzi apain bat egina zion.

4. Aitak maiteago zuela ikusirik, anaiak gorrotatzen hasi zitzaizkion eta hitza bera ere ukatu egiten zioten.

5. Behin batean, Josek amets bat izan zuen eta, kontatu zienean, are gehiago gorrotatu zuten anaiek.

6. —Entzun nire ametsa —esan zien—.

7. Gari-balak lotzen ari ginen soro erdian. Hartan, nirea jaiki eta zutik jarri zen, eta zuenak nirearen inguruan ahuspeztu ziren.

8. Anaiek esan zioten:—Geure errege edo menderatzaile izan behar ote zaitugu?Eta are gehiago gorrotatu zuten bere amets eta esanengatik.

9. Beste amets bat ere izan zuen eta anaiei kontatu zien, esanez:—Beste amets bat ere izan dut: Eguzkia, ilargia eta hamaika izar ahuspezten zitzaizkidan aurrean.

10. Aitari eta anaiei kontatu zienean, aitak esan zion haserre:—Zer amets da hori? Zure aurrean jarri behar ote dugu zu gurtzeko zeure amak, senideek eta nik neuk?

11. Anaiek bekaitzez begiratzen zioten; aitak, ordea, gauza hauek sarritan hausnartzen zituen.

12. Joseren anaiak Sikemera joanak ziren, aitaren artaldea larratzera.

13. Israelek Joseri esan zion:—Zure anaiak Sikemen dira ardiak larratzen. Haiengana joan behar duzu.Josek erantzun zion:—Prest nauzu.

14. Aitak esan zion:—Zoaz zure anaiak eta artaldea nola dabiltzan ikustera, eta ekarri haien berri.Israelek, bada, Hebron haranetik Sikemera bidali zuen. Hara iristean,

15. gizon batek landan zehar noraezean ikusi eta galdegin zion:—Zeren bila zabiltza?

16. Josek erantzun:—Neure anaien bila. Esadazu non ari diren larratzen!

17. Gizonak esan zion:—Alde egin dute hemendik. Dotanera zihoazela entzun diet.Joan zen, bada, Jose anaien ondoren eta Dotanen aurkitu zituen.

18. Anaiek urrutitik ikusi zuten eta, beraiengana hurbildu aurretik, hura hiltzeko akordioa hartu zuten.

Irakurri kapitulu osoa Hasiera 37