Itun Zaharra

Itun Berria

Hasiera 35:16-29 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

16. Joan ziren Beteletik eta, oraindik Efratara bidean zirelarik, Rakelek semea izan zuen. Oso erditze mingarria izan zuen.

17. Erdiminetan zegoela, emaginak esan zion: «Ez izan beldur; mutikoa duzu berriro!»

18. Hiltzear zegoen Rakel. Azken arnasa emateko zegoela, Ben-Oni —hau da, «Ene oinazetako seme»— eman zion izen; baina aitak Benjamin —hau da, «Eskuineko seme»— eman zion izen.

19. Hil zen Rakel, eta Efratara, hots, Belenera, bidean ehortzi zuten.

20. Jakobek oroitarri bat eraiki zion hilobi gainean, Rakelen hilobian gaurdaino dirauen oroitarria.

21. Joan zen Israel, eta Migdal-Ederrez beste aldean ezarri zuen kanpalekua.

22. Israel lurralde hartan zegoela, Ruben bere aitaren ohaide Bilharekin oheratu zen, eta Israelek jakin egin zuen.Hamabi izan ziren Jakoben semeak.

23. Learen semeak Ruben, Jakoben lehen-semea, Simeon, Lebi, Juda, Isakar eta Zabulon izan ziren.

24. Rakelen semeak, Jose eta Benjamin.

25. Rakelen neskame Bilharen semeak, Dan eta Neftali.

26. Learen neskame Zilparen semeak, Gad eta Axer. Hauek dira Jakobi Mesopotamian sortu zitzaizkion semeak.

27. Jakob bere aita Isaakengana heldu zen Mambrera, Kiriat-Arba edo Hebronera, Abraham eta Isaak atzerritar gisa bizi izan ziren lekura.

28. Isaak ehun eta laurogei urtez bizi izan zen.

29. Hil zen Isaak, eta bere arbasoekin elkartu, zahartzaro luze eta betearen ondoren. Bere seme Esauk eta Jakobek ehortzi zuten.

Irakurri kapitulu osoa Hasiera 35