Itun Zaharra

Itun Berria

Hasiera 31:31-39 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

31. Jakobek erantzun zion Labani:—Beldur nintzelako egin dut ihes, zeure alabak kendu egingo zenizkidala uste nuen eta.

32. Zure etxe-jainkoen irudiei dagokienez, gutariko norbaiti aurkituko bazenizkio, hil egingo nuke halakoa. Begira gure ahaideen aurrean, gure ondasunen artean zurerik ba ote dagoen; hala balitz, hartu.Jakobek ez zekien Rakelek jainko-irudiak lapurtu zituenik.

33. Sartu zen Laban Jakoben oihal-etxolan, ondoren Learenean, gero beste bi mirabeenean, eta ez zuen ezer aurkitu. Atera zen Learen oihal-etxolatik eta Rakelenean sartu.

34. Baina Rakelek hartuak zituen ordurako etxe-jainkoen irudiak eta gameluaren txalman ezarriak. Bera gainean zegoen eseria. Labanek oihal-etxola guztia arakatu zuen, baina ez zuen ezer aurkitu.

35. Rakelek esan zion aitari: «Ez zaitez haserretu, ene jauna, zure aurrean jaikitzen ez banaiz, hilerokoarekin bainago».Dena zehatz-mehatz arakatu arren, ez zituen etxe-jainkoen irudiak aurkitu.

36. Haserre jarri zen Jakob, eta Labani errieta egin zion, ozenki esanez:—Zertan huts egin dut? Zein hoben egin dut zure aurka, niri halako amorruz erasotzeko?

37. Nire ondasunak arakatzean, aurkitu al duzu ezer zeure etxeko gauzetarik? Hala bada, ekarri hona, nire eta zure ahaideen aurrera, eta erabaki dezatela hauek nork duen arrazoi!

38. Hogei urte hauetan zeurekin izan nauzu; inoiz ere ez dute umerik galdu, ez ardiek, ez ahuntzek. Ez dut jan zure aharirik bat ere.

39. Piztiek sarraskituriko abererik ez dizut ekarri: neuk ordaintzen nuen galera; zuk, ordea, beti eskatu izan dizkidazu egunez nahiz gauez ebatsitako abereen kontuak.

Irakurri kapitulu osoa Hasiera 31