Itun Zaharra

Itun Berria

Hasiera 31:17-32 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

17. Jaiki zen, bada, Jakob eta bere seme-alabak eta emazteak gamelu gainera igoarazi zituen.

18. Eta Mesopotamian eskuratutako abere-talde eta ondasun guztiak hartu zituen, Isaak bere aitarengana, Kanaan lurraldera, itzultzeko.

19. Bien bitartean, Laban artaldeari ilea moztera joana zelarik, Rakelek bere aitaren etxe-jainkoen irudiak ostu zituen.

20. Honela engainatu zuen Jakobek Laban aramearra, ez baitzion adierazi alde egiteko asmorik.

21. Bere gauza guztiekin alde egin zuen. Jaiki, Eufrates ibaia igaro eta Galaadeko mendirantz jo zuen.

22. Hirugarren egunean eman zioten Labani Jakoben ihesaren berri.

23. Hartu zituen Labanek berekin bere ahaideak eta, zazpi egunez Jakoben atzetik ibili ondoren, Galaadeko mendian harrapatu zuen.

24. Jainkoa ametsetan azaldu zitzaion Laban aramearrari, esanez: «Ez, gero, esan ezertxo ere Jakobi».

25. Labanek atzeman zuenean, Jakob mendian zegoen kanpaturik. Laban ere bere ahaideekin Galaadeko mendi berean kanpatu zen.

26. Labanek esan zion Jakobi:—Zer egin duzu? Engainatu egin nauzu eta nire alabak guda-gatibu bailiran ekarri.

27. Zergatik alde egin duzu isilka eta engainuz, niri ohartarazi beharrean? Pozez eta kantuz agurtuko zintudan danbolina eta zitara joz!

28. Ez didazu neure alaba-bilobak besarkatzen utzi; oso ergel jokatu duzu.

29. Badut zuri kalte egiteko ahalbiderik, baina zuen arbasoen Jainkoak esan dit bart: «Ez, gero, esan ezertxo ere Jakobi».

30. Aitaren etxera joateko irrikaz zeundela eta, zuk alde egitea, tira; baina zergatik lapurtu dizkidazu etxe-jainkoen irudiak?

31. Jakobek erantzun zion Labani:—Beldur nintzelako egin dut ihes, zeure alabak kendu egingo zenizkidala uste nuen eta.

32. Zure etxe-jainkoen irudiei dagokienez, gutariko norbaiti aurkituko bazenizkio, hil egingo nuke halakoa. Begira gure ahaideen aurrean, gure ondasunen artean zurerik ba ote dagoen; hala balitz, hartu.Jakobek ez zekien Rakelek jainko-irudiak lapurtu zituenik.

Irakurri kapitulu osoa Hasiera 31