Itun Zaharra

Itun Berria

Hasiera 30:29-43 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

29. Jakobek erantzun zion:—Ongi dakizu zenbat lan egin dudan zuretzat eta zenbateraino hazi zaizun abere-taldea niri esker.

30. Nahiko urriak ziren zure ondasunak ni etorri aurretik; orain, ordea, erruz handitu dira nire gidaritzapean. Jaunak bedeinkatu egin zaitu. Noiz egin behar dut nik neure etxerako?

31. Labanek esan zion:—Zer eman behar dizut?Jakobek erantzun:— Ez eman ezer ere. Esango dizudana onartzen baduzu, zure abereak zaintzen jarraituko dut.

32. Gaur zure artaldeen artetik igaroko naiz, eta antxume beltzak eta axuri nabar nahiz pintoak oro bereiz jarriko ditut: horiek izango ditut lansari.

33. Horrela, biharko egunean nire irabazien kontu hartzera etortzen zarenean, jakin ahal izango duzu zintzo jokatu dudan ala ez.

34. Labanek esan zuen:—Ongi, zuk esan bezala egingo dugu.

35. Egun berean bereizi zituen Labanek aker marradun edo pintoak, ahuntz nabar edo pintoak eta ardi beltzak; hauek guztiak bere semeen esku utzi zituen Labanek.

36. Gero, urrundu egin ziren Jakobengandik, hiru eguneko bidea tartean jarriz. Jakobek, berriz, Labanen gainerako abereak bazkatzen zituen.

37. Jakobek, zumitz-, hurritz- eta platano-ziri heze batzuk harturik, zuritu egin zituen.

38. Abereak edatera zihoazen asketan ezarri zituen ziri zurituak ardien aurrean; hala, edatera joatean, ardiek arkara izaten zuten.

39. Eta, zirien aurrean ernalduak izatean, bildots marradun, pinto eta nabarrak jaiotzen ziren.

40. Gero, Jakobek bildotsak bereizten zituen, Labanen artaldeko abere marradun eta beltzekin elkartu gabe. Honela zihoan bere artaldea osatuz Labanen ardietatik aparte.

41. Ardi azkarrenak ernalduak izatean, Jakobek ziriak ezartzen zizkien begi aurrean asketan, zirien aurrean ahariek ernal zitzaten.

42. Ardiak ahulak zirenean, ordea, ez zituen ziriak ezartzen. Honela, ahulak Labanentzat eta azkarrak Jakobentzat suertatzen ziren.

43. Oso aberats egin zen Jakob: artalde handiak, morroi-mirabeak, gamelu eta astoak eskuratu zituen.

Irakurri kapitulu osoa Hasiera 30