22. Jainkoa Rakelez oroitu eta, honen eskaria adituz, erraiak ernearazi zizkion.
23. Haurdun gelditu eta semea izan zuen. Orduan, esan zuen: «Kendu dit Jainkoak neure lotsaizuna».
24. Eta Jose eman zion izen, esanez: «Eman biezat Jaunak beste seme bat».
25. Rakelek Jose izan ondoren, Jakobek esan zion Labani:—Uztazu etxera, neure lurraldera, joaten.
26. Emazkidazu neure seme-alabak eta emazteak, hauengatik lan egin baitut zuretzat. Eta ongi dakizu zenbat lan egin dudan zure zerbitzuan. Horrela, joan ahal izango naiz.
27. Labanek esan zion:—Entzun, mesedez. Goi-argiz jakin dut zuri esker bedeinkatu nauela Jaunak.
28. Eta, ondoren, esan zion Labanek:— Zeuk erabaki lansaria, eta emango dizut.
29. Jakobek erantzun zion:—Ongi dakizu zenbat lan egin dudan zuretzat eta zenbateraino hazi zaizun abere-taldea niri esker.
30. Nahiko urriak ziren zure ondasunak ni etorri aurretik; orain, ordea, erruz handitu dira nire gidaritzapean. Jaunak bedeinkatu egin zaitu. Noiz egin behar dut nik neure etxerako?