Itun Zaharra

Itun Berria

Hasiera 30:17-33 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

17. Jainkoak Learen eskaria aditu zuen: haurdun gertatu eta bosgarren semea eman zion Jakobi.

18. Leak zioen: «Jainkoak saritu egin nau senarrari neskamea eman diodalako». Eta Isakar eman zion izen.

19. Haurdun gelditu zen berriro Lea eta seigarren semea eman zion Jakobi.

20. Leak esan zuen: «Opari ederra egin dit Jainkoak! Orain bai aintzakotzat hartuko nauela senarrak, sei seme eman baitizkiot!» Eta Zabulon eman zion izen.

21. Gero, alaba izan zuen, eta Dina eman zion izen.

22. Jainkoa Rakelez oroitu eta, honen eskaria adituz, erraiak ernearazi zizkion.

23. Haurdun gelditu eta semea izan zuen. Orduan, esan zuen: «Kendu dit Jainkoak neure lotsaizuna».

24. Eta Jose eman zion izen, esanez: «Eman biezat Jaunak beste seme bat».

25. Rakelek Jose izan ondoren, Jakobek esan zion Labani:—Uztazu etxera, neure lurraldera, joaten.

26. Emazkidazu neure seme-alabak eta emazteak, hauengatik lan egin baitut zuretzat. Eta ongi dakizu zenbat lan egin dudan zure zerbitzuan. Horrela, joan ahal izango naiz.

27. Labanek esan zion:—Entzun, mesedez. Goi-argiz jakin dut zuri esker bedeinkatu nauela Jaunak.

28. Eta, ondoren, esan zion Labanek:— Zeuk erabaki lansaria, eta emango dizut.

29. Jakobek erantzun zion:—Ongi dakizu zenbat lan egin dudan zuretzat eta zenbateraino hazi zaizun abere-taldea niri esker.

30. Nahiko urriak ziren zure ondasunak ni etorri aurretik; orain, ordea, erruz handitu dira nire gidaritzapean. Jaunak bedeinkatu egin zaitu. Noiz egin behar dut nik neure etxerako?

31. Labanek esan zion:—Zer eman behar dizut?Jakobek erantzun:— Ez eman ezer ere. Esango dizudana onartzen baduzu, zure abereak zaintzen jarraituko dut.

32. Gaur zure artaldeen artetik igaroko naiz, eta antxume beltzak eta axuri nabar nahiz pintoak oro bereiz jarriko ditut: horiek izango ditut lansari.

33. Horrela, biharko egunean nire irabazien kontu hartzera etortzen zarenean, jakin ahal izango duzu zintzo jokatu dudan ala ez.

Irakurri kapitulu osoa Hasiera 30