Itun Zaharra

Itun Berria

Hasiera 30:14-26 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

14. Gari-uztaroan, Ruben sorora joan zen amodio-sagar bila, eta bere ama Leari eraman zizkion. Rakelek esan zion Leari:—Emadazu zure semearen amodio-sagar horietarik.

15. Leak erantzun zion:—Ez al da aski senarra kentzea, neure semearen amodio-sagarrak ere kendu nahi izateko?Rakelek erantzun zion:—Ongi! Gaur gauean ohera dadila Jakob zurekin, zure semearen amodio-sagarren truke.

16. Arratsean, Jakob sorotik itzultzean, bidera irten zitzaion Lea, esanez: «Nirekin etorri behar duzu, neure semearen amodio-sagarrez eskuratu baitut horretarako eskubidea».Gau hartan Learekin oheratu zen Jakob.

17. Jainkoak Learen eskaria aditu zuen: haurdun gertatu eta bosgarren semea eman zion Jakobi.

18. Leak zioen: «Jainkoak saritu egin nau senarrari neskamea eman diodalako». Eta Isakar eman zion izen.

19. Haurdun gelditu zen berriro Lea eta seigarren semea eman zion Jakobi.

20. Leak esan zuen: «Opari ederra egin dit Jainkoak! Orain bai aintzakotzat hartuko nauela senarrak, sei seme eman baitizkiot!» Eta Zabulon eman zion izen.

21. Gero, alaba izan zuen, eta Dina eman zion izen.

22. Jainkoa Rakelez oroitu eta, honen eskaria adituz, erraiak ernearazi zizkion.

23. Haurdun gelditu eta semea izan zuen. Orduan, esan zuen: «Kendu dit Jainkoak neure lotsaizuna».

24. Eta Jose eman zion izen, esanez: «Eman biezat Jaunak beste seme bat».

25. Rakelek Jose izan ondoren, Jakobek esan zion Labani:—Uztazu etxera, neure lurraldera, joaten.

26. Emazkidazu neure seme-alabak eta emazteak, hauengatik lan egin baitut zuretzat. Eta ongi dakizu zenbat lan egin dudan zure zerbitzuan. Horrela, joan ahal izango naiz.

Irakurri kapitulu osoa Hasiera 30