Itun Zaharra

Itun Berria

Hasiera 26:7-25 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

7. Hango bizilagunek bere emazteaz galdegin zioten. Isaakek arreba zuela esaten zien, emaztea zuela esan beharrean, honen edertasunagatik bera hilko zuten beldurrez.

8. Denboraldia zeraman Isaakek Gerar-en. Behin batez, filistearren errege Abimelek leihora atera zen. Eta hona non ikusten dituen Isaak eta Rebeka emaztea harreman goxoan.

9. Deitu zion Abimelekek Isaaki eta esan:—Emaztea duzu, ezta? Zergatik esan zenigun, bada, arreba zenuela?Isaakek erantzun:—Bera zela-eta hilko ninduzuen beldur nintzelako esan nuen hori.

10. Abimelekek jarraitu zuen:—Zer egin diguzu, gero? Nola bururatu zaizu horrelakorik? Edozein herritar ohera zitekeen zure emaztearekin. Orduan, denok bihurtuko gintuzun errudun.

11. Eta herri osoari agindu zion:—Gizon hau eta beronen emaztea ukitzen dituenari heriotza-zigorra ezarriko zaio.

12. Erein zuen Isaakek lurralde hartan eta bateko ehun jaso zuen urte hartan, Jaunak bedeinkatu egin baitzuen.

13. Aberastu egin zen, gero eta aberatsago eta ahaltsuago egin ere.

14. Artalde eta behi-talde handiak eta morroi asko lortu zituen.Horregatik, filistearrek bekaitzez begiratzen zioten.

15. Filistearrek lurrez beteak zituzten Isaaken aita Abrahamen garaian honen morroiek zulatutako putzu guztiak.

16. Orduan, Abimelekek esan zion Isaaki: «Alde egizu gure artetik, gu baino ahaltsuago egin baitzara».

17. Hala, Isaak urrutiratu egin zen leku hartatik eta, Gerarko ibarrean oihal-etxola kokatuz, bertan jarri zen bizitzen.

18. Eta berriro zulatu zituen putzuak, bere aitaren garaian morroiek zulatu eta Abraham hil ondoren filistearrek lurrez beteriko putzu berberak. Bere aita Abrahamek emandako izen berak eman zizkien.

19. Isaaken morroiek ibarrean zulatu eta iturburu bat aurkitu zuten.

20. Baina Gerarko artzainek sesioa izan zuten Isaaken artzainekin. Esaten zuten: «Geurea diagu ura!»Esek —hau da, «Liskar»— izena ezarri zion Isaakek putzu hari, beronengatik liskartu zirelako.

21. Zulatu zuten beste bat, eta honengatik ere errietan ari izan ziren. Hau dela eta, Isaakek Sitna — hau da, «Salakuntza» — eman zion izen.

22. Handik urrunago beste bat zulatu zuten, baina ez zen oraingoan errietarik sortu. Honi Rehobot — hau da, «Zabaleta» — ezarri zion izena, esanez: «Orain bai lurralde zabala eta emankorra eman digula Jaunak».

23. Handik Beer-Xebara igo zen.

24. Gau hartan Jauna agertu zitzaion, esanez:«Ni naizzure aita Abrahamen Jainkoa.Ez izan beldur, zeurekin bainauzu.Bedeinkatuko zaitut,ondorengo ugari emango dizutneure zerbitzari Abrahamengatik».

25. Isaakek aldarea eraiki zuen leku hartan eta Jauna gurtu zuen. Han kokatu zuen oihal-etxola, eta morroiek beste putzu bat zulatu zuten.

Irakurri kapitulu osoa Hasiera 26