Itun Zaharra

Itun Berria

Hasiera 24:23-37 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

23. eta galdegin zion:— Adizu! Noren alaba zara? Ba ote da zure aitaren etxean tokirik guretzat, gaua igarotzeko?

24. Rebekak erantzun zion:— Betuelen alaba naiz, Milkak Nahorri eman zion semearena.

25. Gainera, esan zion:—Bada gure etxean lasto eta belar ugari, eta baita gaua igarotzeko tokia ere.

26. Orduan, morroiak, ahuspezturik, Jauna gurtu zuen,

27. esanez: «Bedeinkatua Jauna, nire nagusi Abrahamen Jainkoa, onbera eta leiala izan baita ene nagusiarekin. Jaunak neure nagusiaren ahaideen etxerako bidean jarri nau».

28. Neskatxa lasterka joan zen etxera gertatu zitzaionaren berri amari ematera.

29-30. Rebekak neba bat zuen, Laban izenekoa. Bere arrebak zeramatzan eraztuna eta eskumuturrekoak ikusi eta gizon bat mintzatu zitzaiola entzunik, Laban etxetik atera eta ur-putzu aldera joan zen korrika morroiarengana. Hau oraindik ur-putzutik hurbil zegoen, gameluen ondoan.

31. Labanek esan zion: «Zertan zaude hor kanpoan? Zatoz etxera, Jaunak bedeinkatu hori! Atondua dut etxea, baita gameluentzako tokia ere».

32. Labanek, etxean sartu, gameluei zamak kendu eta lastoa eta belarra eman zizkien. Ondoren, ura ekarri zien morroiari eta honen bidelagunei, oinak garbitzeko.

33. Janaria aurrean jarri zien, baina morroiak esan zuen:—Ez dut jango, esateko dudana esan aurretik.Labanek erantzun zion:—Esan, bada.

34. Morroiak jarraitu zuen:—Abrahamen morroia nauzu.

35. Jaunak oparo bedeinkatu du nire nagusia eta aberats egin: ardi eta behiak, zilar eta urrea, morroi eta mirabeak, gamelu eta astoak eman dizkio.

36. Sarak, nire nagusiaren emazteak, nire nagusiari seme bat sortu dio bere zahartzaroan, eta honek semeari utzi dizkio bere ondasun guztiak.

37. Neure nagusiak zin eragin zidan, esanez: «Ez duzu nire semearentzat emazterik hartuko bizi naizen lurralde honetako kanaandarren alabetatik.

Irakurri kapitulu osoa Hasiera 24