Itun Zaharra

Itun Berria

Hasiera 21:9-22 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

9. Ohartu zen Sara, Agar egiptoarragandik Abrahamek izandako semea bere seme Isaakekin ari zela jostatzen.

10. Eta honela esan zion Abrahami: «Bidal itzazu etxetik mirabea eta beronen semea. Honek ez baitu oinordeko izan behar nire seme Isaakekin batera!»

11. Biziki atsekabetu zen Abraham, Ismael ere bere seme baitzuen.

12. Baina Jainkoak esan zion: «Ez zaitez atsekabe zeure mirabe eta mutikoagatik. Egiozu jaramon Sarak esaten dizun guztiari, Isaaken bidez izango baitituzu ondorengoak.

13. Baina zeure mirabearen seme horren bidez ere herri handi bat sorraraziko dut, hori ere zeure seme duzulako».

14. Abrahamek, goizean goiz jaiki, ogia eta zahato bat ur hartu eta Agarri ezarri zizkion bizkarrean. Hala, haurrarekin batera igorri egin zuen etxetik. Abiatu zen, bada, Agar, eta Beer-Xeba eremuan noragabe ibili zen.

15. Zahatoko ura ahitu zitzaionean, zuhaitz baten azpian utzi zuen haurra

16. eta, urrutiraturik, aurrez aurre eseri zitzaion ehunen bat metrora. Honela zioen berekiko: «Ez dinat neure semea hiltzen ikusi nahi». Ama eseria zegoelarik, negarrez hasi zen haurra ozenki.

17. Aditu zuen Jainkoak mutikoaren ahotsa, eta Jainkoaren aingeruak dei egin zion zerutik Agarri, esanez: «Zer duzu, Agar? Ez izan beldur, aditu baitu Jainkoak hor duzun mutikoaren ahotsa.

18. Ea, hartzazu berriro mutikoa eta ez utzi eskutik, herri handi baten aita bihurtuko baitut».

19. Orduan, Jainkoak ur-putzu bat ikusarazi zion Agarri. Honek zahatoa urez bete eta edaten eman zion mutikoari.

20-21. Jainkoa lagun izan zuen mutikoak; hau handituz joan zen eta Parango eremuan bizi izan zen. Arkulari trebe bihurtu zen. Amak emakume egiptoar bat eman zion emaztetzat.

22. Aldi hartan, Abimelek erregeak, Pikol gudalburua berekin zuela, Abrahamengana joan eta esan zion:—Jainkoa duzu lagun egiten duzun orotan.

Irakurri kapitulu osoa Hasiera 21