Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 8:10-18 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

10. Sartu eta mota guztietako narrasti eta piztia nazkagarrien irudiak eta Israel herriko idolo guztiak ikusi nituen horman marraztuta, inguru guztian.

11. Israel herriko hirurogeita hamar arduradun, Xafanen seme Jaazanias erdian zela, irudi haien aurrean zeuden nor bere intsentsu-ontziarekin, eta intsentsuaren lurrina gora zihoan.

12. Esan zidan Jaunak: «Gizaseme, ikusten al duzu Israel herriko arduradunek ilunpetan egiten dutena, bakoitza bere irudi marraztuen gelatxoan dagoenean? Esaten dute: “Ez gaitu Jaunak ikusten; bertan behera utzi du Jaunak herrialde hau”».

13. Eta erantsi zidan: «Ikusiko duzu oraindik hauek baino higuingarritasun handiagorik».

14. Jaunaren etxearen iparraldeko ate ondora eraman ninduen; han emakumeak zeuden eserita Tamuz jainkoarengatik dolu egiten.

15. Esan zidan Jaunak: «Ikusten al duzu, gizaseme? Bada, ikusiko duzu oraindik hau baino higuingarritasun handiagorik».

16. Jaunaren etxeko barne-atarira eraman ninduen eta, tenpluko sarreran, atalondo eta aldare artean, hogeita bosten bat gizon ikusi nituen, bizkarrez Jaunaren tenplurantz eta aurpegiz ekialderantz; ekialderantz ahuspezturik, eguzkia gurtzen ari ziren.

17. Esan zidan Jaunak: «Ikusten al duzu, gizaseme? Eta hemen egiten dituzten higuingarritasunekin Juda herriak aski ez balu bezala, indarkeriaz betetzen dute herrialdea, ni are gehiago irainduz. Begira nola eramaten duten erramua sudurreraino!

18. Bada, neuk ere suminez jokatuko dut; ez diet errukirik izango, ezta barkatuko ere; oihu handiz egingo didate dei, baina ez diet entzungo».

Irakurri kapitulu osoa Ezekiel 8