Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28
  29. 29
  30. 30
  31. 31
  32. 32
  33. 33
  34. 34
  35. 35
  36. 36
  37. 37
  38. 38
  39. 39
  40. 40
  41. 41
  42. 42
  43. 43
  44. 44
  45. 45
  46. 46
  47. 47
  48. 48

Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 46 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. «Hau diot nik, Jainko Jaunak: Ekialdera jotzen duen barne-atariko sarrera itxirik egongo da sei lanegunetan, baina zabalik larunbat eta ilberri-jaietan.

2. Printzea atalondora sartuko da kanpoko ataritik eta ate-muntagaren kontra geldituko. Apaizek printzearen erre-oparia eta elkartasun-opariak eskainiko dituzte; gero, printzea atalasean ahuspeztu eta irten egingo da, baina atea ez da arratsa arte itxiko.

3. Larunbat eta ilberri-egunetan, jendea sarrera honetara etorriko da nire, Jaun honen, aurrean ahuspeztera.

4. Larunbatetan, printzeak sei arkume akats gabe eta ahari akats gabe bat eskainiko dizkit erre-oparitzat.

5. Ahariagatik berrogei kilo irin aurkeztuko ditu labore-oparitzat, eta arkumeengatik berak nahi beste. Gainera, sei litro olio berrogei kilo irineko.

6. Ilberri-egunetan zezen bat, sei arkume eta ahari bat, denak akats gabeak, eskainiko dizkit.

7. Baita zezenagatik berrogei kilo irineko labore-oparia ere, eta beste horrenbeste ahari bakoitzeko; arkumeengatik, berriz, berak nahi beste. Gainera, sei litro olio berrogei kilo irineko.

8. Printzea sarrerako atalondotik sartu/irtengo da beti.

9. Baina festaburuetan nire aurrean ahuspeztera etortzean, iparraldeko sarreratik sartutakoak hegoaldekotik irtengo dira, eta hegoaldekotik sartutakoak iparraldekotik. Inor ez da irtengo sartzeko erabilitako sarrera beretik, kontrakotik baizik.

10. Printzea ere jendearekin batera sartu/irtengo da.

11. «Jaiegun eta gainerako festaburuetan berrogei kilo irin eskainiko dira labore-oparitzat zezen bakoitzeko, eta beste horrenbeste ahari bakoitzeko; arkumeengatik, berriz, nahi beste. Gainera, sei litro olio berrogei kilo irineko.

12. «Printzeak, bere borondatez, erre-opari edo elkartasun-opariak eskaini nahi badizkio Jaunari, ekialdeko sarrera zabalduko zaio, eta larunbatetan bezalaxe egingo ditu bere opariak. Hura irten ondoren, itxi egingo da berriro sarrera.

13. «Goizero, urtebeteko arkume akats gabea eskainiko zaio Jaunari erre-oparitzat;

14. gainera, goizero, sei kilo eta erdi irin labore-oparitzat, eta bi litro olio, irinarekin nahasteko. Arau hauek betiko balio izango dute.

15. Arkumea, irina eta olioa goizero-goizero eskaini behar zaizkio Jaunari eguneroko oparitzat.

Printzearen herentzia

16. «Hau diot nik, Jainko Jaunak: Printzeak bere ondarearen zati bat bere semeetakoren bati ematen badio, zati hori semearen herentzi ondare bihurtuko da.

17. Baina printzeak emaitza bere menpekoren bati egiten badio, ondare-zati hori askapen-urtera arte bakarrik izango da menpekoarena; gero, printzeari itzuliko zaio. Izan ere, beronen semeei bakarrik dagokie herentzian ondare hori.

18. Bestalde, printzea ezin izango da jabetu herriko jendearen ondareaz, beronek jabetzan hartutakoa zurrupatuz. Bere jabetzatik bakarrik emango die semeei senipartea. Horrela, ez da nire herriko inor bere etxaldetik kanporatua izango.

Tenpluko sutegiak

19. «Gero, atearen ondoko sarreratik, iparralderantz dauden apaizen gela sakratuetara eraman ninduen gizonak. Barren-barrenean mendebaldera zegoen leku bat erakutsiz,

20. esan zidan: “Hor egosiko dute apaizek barkamen- eta ordain-oparietako abereen haragia, baita erreko ere labore-oparia. Horrela, ez dute ezer kanpoko atarira eraman beharko; bestela, oparigai sakratuez herria sagaratuko bailukete”».

21. Ondoren, kanpoko atarira eraman eta hango lau kantoien aurretik pasarazi ninduen: kantoi bakoitzean patio txiki bat zegoen.

22. Lau patio txiki haiek neurri berekoak ziren: hogei metro luze eta hamabost zabal.

23. Hormaz inguratuak zeuden laurak, eta horma-barrenean labeak zeuden inguru guztian.

24. Esan zidan gizonak: «Tenpluko zerbitzariek sutegi horietan egosiko dute herriak oparitan eskainitako abereen haragia».