Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 39:7-25 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

7. Neure herri Israeli santu naizela aitorraraziko diot, eta ez diot utziko neure izen santua gehiago belzten. Orduan jakingo dute nazioek ni naizela Jauna, Israelen Santua.

8. Horra, badator iragarri dudan eguna, iristear dago. Honela diot nik, Jainko Jaunak.

9. Orduan, Israelgo hirietako jendeak, irten, sua egin eta erre egingo ditu armak: babeski eta bular-oskolak, uztai eta geziak, lantza eta azkonak; zazpi urterako erregaia izango dute.

10. Ez dute landan egur bila edo basoetan egurketan ibili beharrik izango, arma horiekin egingo baitute sua. Beren harrapariak harrapakin bihurtuko dituzte eta larrutzaileak larrutu egingo. Nik, Jainko Jaunak, esana.

11. «Egun hartan, Gogi leku bat emango diot hilobitzat Israelen, Bidaiarien bailaran —bidaiariei pasabidea mozten dien bailaran—, Itsaso Hilaren ekialdean. Gog eta gudaroste osoa lurperatuko dute han, eta Gogen gudarostearen bailara deituko dute aurrerantzean.

12. Israeldarrek zazpi hilabete beharko dituzte denei lur eman eta herrialdea garbi uzteko.

13. Herritar guztiek jardungo dute horretan; gogoangarri izango dute ni ospetsu agertuko naizen egun hori.

14. Gero, zazpi hilabeteak igarota, gizataldeak aukeratuko dituzte etengabe harat-honat ibil daitezen, lur gainean gelditutako gorpuak lurperatu eta herrialdea garbitzen.

15. Herrialdean zehar dabiltzala giza hezurren bat ikusten badute, harri-pilatxo bat jarriko dute ondoan, seinale gisa, hobiratzaileek Gogen gudarostearen bailaran lur eman arte.

16. Bada hiri bat ere Hamona —Gudaroste— izenekoa. Horrela, herrialdea garbi geldituko da.

17. «Hau diot nik, Jainko Jaunak: Gizaseme, esan hegazti eta basapiztia orori biltzeko, etortzeko alde guztietatik, Israelgo mendietan eskainiko diedan sakrifizioan parte hartzera; sekulako otordua izango da, okela jan eta odola edango dute;

18. gerlari adoretsuen haragia jan eta munduko buruzagien odola edango dute, Baxango ahari, arkume, aker eta zezen gizenena balitz bezala.

19. Asebete arte jango duzue haien okela guria eta mozkortu arte edango odola, zuentzat prestatzen ari naizen sakrifizio honetan.

20. Nire mahaian, zaldien eta zaldizkoen, gerlari adoretsu eta mota guztietako soldaduen haragiz asebeteko zarete.

21. Horrela, neure aintza agertuko diet nazioei, eta nazio guztiek ikusiko dute nola juzgatu eta beteko dudan epaia.

22. Egun horretatik aurrera, jakingo dute israeldarrek ni naizela Jauna, beraien Jainkoa.

23. «Jakingo dute nazioek bere erruengatik erbesteratu zutela Israel, desleial izan zitzaidalako; horregatik, bizkarra eman nien, etsaien esku utzi eta gerran erori ziren denak.

24. Beren kutsadura eta errebeldiak merezi bezala erabili nituen; horregatik eman nien bizkarra.

25. Baina hau diot nik, Jainko Jaunak: Orain, Jakoben herriaren zoria aldatuko dut: gupidaz hartuko dut Israel herri osoa eta erbestetik itzularaziko, neure izen santuaren ohoreaz arduraturik.

Irakurri kapitulu osoa Ezekiel 39