Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 39:18-27 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

18. gerlari adoretsuen haragia jan eta munduko buruzagien odola edango dute, Baxango ahari, arkume, aker eta zezen gizenena balitz bezala.

19. Asebete arte jango duzue haien okela guria eta mozkortu arte edango odola, zuentzat prestatzen ari naizen sakrifizio honetan.

20. Nire mahaian, zaldien eta zaldizkoen, gerlari adoretsu eta mota guztietako soldaduen haragiz asebeteko zarete.

21. Horrela, neure aintza agertuko diet nazioei, eta nazio guztiek ikusiko dute nola juzgatu eta beteko dudan epaia.

22. Egun horretatik aurrera, jakingo dute israeldarrek ni naizela Jauna, beraien Jainkoa.

23. «Jakingo dute nazioek bere erruengatik erbesteratu zutela Israel, desleial izan zitzaidalako; horregatik, bizkarra eman nien, etsaien esku utzi eta gerran erori ziren denak.

24. Beren kutsadura eta errebeldiak merezi bezala erabili nituen; horregatik eman nien bizkarra.

25. Baina hau diot nik, Jainko Jaunak: Orain, Jakoben herriaren zoria aldatuko dut: gupidaz hartuko dut Israel herri osoa eta erbestetik itzularaziko, neure izen santuaren ohoreaz arduraturik.

26. Beren lurraldean, inork izutu gabe, seguru biziko direnean, nire kontra egin dituzten lotsagarrikeria eta desleialkeria guztiak ahaztuko dituzte.

27. Atzerritarren artetik etorrarazi eta etsaien herrialdeetatik bilduko ditudanean, beraien bidez neure santutasuna agertuko dut nazio askoren aurrean.

Irakurri kapitulu osoa Ezekiel 39