Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 37:3-15 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

3. Esan zidan Jaunak:—Gizaseme, bizi ote daitezke hezur hauek berriro?Erantzun nion:—Jainko Jauna, zeuk jakingo duzu!

4. Esan zidan:—Hitz egin nire izenean hezur horiei eta esaiezu entzuteko Jaunaren hitza.

5. Hau diotset nik, Jainko Jaunak, hezur ihartu horiei: Bizi-arnasa jarriko dut zuengan, bizi zaitezten.

6. Zainez inguratuko zaituztet, haragia eratuko dut zuen gainean, larruazalez jantzi eta bizi-arnasa emango dizuet, bizi zaitezten; orduan jakingo duzue ni naizela Jauna.

7. Hitz egin nuen Jaunaren izenean berak agindu bezala, eta hitz egin bitartean hots bat izan zen: lurrak dardara egin zuen eta hezurrak bata bestearekin elkartzen hasi.

8. Gainean zainak eta haragia zituztela ikusi nuen, eta larruazalez estaltzen ari zirela; baina ez zuten bizi-arnasarik.

9. Esan zidan Jaunak: «Hitz egin nire izenean bizi-arnasari; hitz egin, gizaseme, eta adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua: Bizi-arnasa, zatoz lurraren lau aldeetatik eta haize eman gorpu hauei, bizi daitezen».

10. Agindu bezala hitz egin nuen. Bizi-arnasa sartu zen hezurretan, bizira itzuli ziren eta zutik jarri: ikaragarrizko gudaroste baten antza zuten.

11. Esan zidan Jaunak: «Gizaseme, hezur horiek Israel herri osoa dira. Hau diote: “Gure hezurrak iharturik daude, galdua dugu itxaropena. Egin du gureak!”

12. Horregatik, hitz egin nire izenean eta adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua: Nik irekiko ditut zuen hilobiak, nik irtenaraziko zaituztet hilobitik, oi ene herri, eta Israelgo lurraldera eramango.

13. Zuen hilobiak ireki eta berorietatik irtenaraziko zaituztedanean, oi ene herri, orduan jakingo duzue ni naizela Jauna.

14. Neure espiritua ezarriko dut zuengan, bizi zaitezten. Zeuen lurraldera eramango zaituztet. Orduan jakingo duzue nik, Jaunak, esandakoa bete egiten dudala. Nik, Jainko Jaunak, esana».

15. Honela mintzatu zitzaidan Jauna:

Irakurri kapitulu osoa Ezekiel 37