Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 37:14-24 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

14. Neure espiritua ezarriko dut zuengan, bizi zaitezten. Zeuen lurraldera eramango zaituztet. Orduan jakingo duzue nik, Jaunak, esandakoa bete egiten dudala. Nik, Jainko Jaunak, esana».

15. Honela mintzatu zitzaidan Jauna:

16. «Gizaseme, hartu makila bat eta idatzi gainean “Juda eta berarekin elkarturiko israeldarrak”. Gero, hartu beste makila bat eta idatzi gainean “Jose eta berarekin elkarturiko gainerako israeldarrak” —makila hau Efraimi dagokio—.

17. Elkar itzazu bi makilok, bat egin dezaten zure eskuan.

18. Eta zure herritarrek zertan ari zaren azaltzeko eskatutakoan,

19. adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua: Joseren makila eta beronekin elkarturiko Israelgo leinuena —Efraimi dagokiona— hartuko dut eta Judaren makilaren kontra ipiniko, eta biak bat izango dira nire eskuan.

20. Bitartean, eduki zuk eskuan, haien begi-bistan, makila idatziak.

21. Gero, adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua: Egon direneko nazioen artetik batuko ditut israeldarrak; alde guztietatik bildu eta beren lurraldera eramango ditut.

22. Nazio bakar bihurtuko ditut lurralde honetan, Israelgo mendietan; errege bakarra izango dute guztiek; ez dituzte berriro bi naziotan bereiziko, ezta bi erresumatan banatuko ere.

23. Ez dira gehiago beren idolatria higuingarri eta gaiztakeriez kutsatuko. Errudun bihurtu dituen desleialkeria orotatik askatuko ditut. Garbitu egingo ditut, eta nire herri izango dira eta ni beraien Jainko.

24. David nire zerbitzaria izango dute errege, guztien artzain bakar; nire erabakien arabera jokatuko dute eta nire legeak arretaz beteko.

Irakurri kapitulu osoa Ezekiel 37