Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 36:11-27 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

11. Zuen gizaki eta abereak ugalduko ditut, umeak sortu eta ugaldu egingo dira. Lehen bezain jendetsu egingo zaituztet, eta lehen baino ere egoera hobean jarriko; orduan jakingo duzue ni naizela Jauna.

12. Israelgo mendiok, nire herritarrak zuen gainetik ibilaraziko ditut; lurraldeaz jabetuko dira eta beren ondare izango dute; herrialdea ez da berriz seme-alabarik gabe geldituko.

13. Hau diot nik, Jainko Jaunak: Israel lurraldeak gizakiak irensten eta herria jenderik gabe uzten duela esan izan dute.

14. Baina aurrerantzean ez duzu gizakirik irentsiko, ezta herria jenderik gabe utziko ere. Honela diot nik, Jainko Jaunak.

15. Ez duzu entzun beharko atzerritarren irainik, ezta beste herrien isekarik jasango ere; ez duzu zeure herria jenderik gabe utziko. Nik, Jainko Jaunak, esana».

16. Honela mintzatu zitzaidan Jauna:

17. «Gizaseme, artean beren herrialdean bizi zirenean, israeldarrek kutsatu egin zuten lurraldea beren jokabide eta egintza txarrez; kutsatua zen haien portaera, hilerokoan botatako odola bezain kutsatua.

18. Beraz, odola isuri eta herrialdea idolatriaz kutsatu zutelako, neure sumina isuri nuen haien gainera.

19. Atzerriko nazio eta herrialdeen artean sakabanatu nituen, beren jokabide eta egintza txarren arabera epaitu.

20. Eta nazio haietara iritsi zirenean ere, nire izen santua belztu zuten, jendea zera esatera bultzatuz: “Jaunaren herria dira, baina beren lurraldetik irten behar izan dute!”

21. Orduan, neure izen santua garbitu nahi izan nuen, israeldarren erruz, beraiek zeudeneko nazioetan belztua baitzegoen.

22. Beraz, adierazi Israel herriari nire, Jainko Jaun honen, mezua: Ez dut hau zuengatik, israeldarrongatik, egiten, baizik eta zuek egon zareteneko nazioetan belztu duzuen nire izenaren ohoreagatik.

23. Nazio horietan egon bitartean zuek belztutako neure izen handiaren santutasuna agertuko dut beraien aurrean. Eta zuen bidez nire santutasuna beraien aurrean agertuko dudanean, orduan jakingo dute ni naizela Jauna. Honela diot nik, Jainko Jaunak.

24. Nazio eta herrialde horietatik guztietatik bilduko zaituztet, eta zeuen lurraldera eramango.

25. Ur garbiz zipriztinduko zaituztet eta garbi geldituko zarete; zuen kutsadura eta idolatria guztietatik garbituko zaituztet.

26. Bihotz berria emango dizuet eta espiritu berria ezarriko: harrizko bihotza kenduko dizuet eta haragizkoa emango.

27. Neure espiritua ezarriko dut zuengan, nire legeen arabera jokatzeko eta nire aginduak arretaz betetzeko gai bihurtuz.

Irakurri kapitulu osoa Ezekiel 36