Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 3:6-21 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

6. Mintzaira ilun eta hizkuntza ulergaitzeko herriengana bidaliko bazintut, jaramon egingo lizukete.

7. Baina Israel herriak ez dizu jaramonik egingo, ez baitit niri jaramon egin nahi izan. Izan ere, Israel herri osoa da burugogor eta setatsu.

8. Eta horiek bezain burugogor eta tematsu bihurtuko zaitut.

9. Diamantea bezain gogor bihurtuko zaitut, harkaitzak baino gogorrago; ez zara herri errebelde horren aurrean beldurtuko, ez kikilduko.

10. Gizaseme, entzun arretaz esaten dizudan guztia eta sartu buruan.

11. Zoaz, joan erbestean dauden zeure herritarrengana eta hitz egiezu; beraiek entzun ala ez, nire, Jainko Jaun honen, mezua adieraziko diezu».

12. Orduan, Jaunaren espirituak gora jaso ninduen eta burrunbada handia entzun nuen atzean, lurrikara batena bezalakoa, Jaunaren aintza bere lekutik altxatzean;

13. lurrikararen antzeko burrunba hura izakiek hegoez elkar ukitzean ateratzen zuten hotsa zen eta aldi berean gurpilen zarata.

14. Espirituak gora jaso eta eraman egin ninduen; garrazturik eta barneminduta joan nintzen; zeharo jabetu zen nitaz Jaunaren indarra.

15. Tel-Avivera iritsi nintzen, Kebar ibai ondoan bizi ziren erbesteratuengana, eta zazpi egun eman nituen haien artean, zeharo lur jota.

16. Zazpi egunen buruan, honela mintzatu zitzaidan Jauna:

17. «Gizaseme, Israel herriaren jagole izendatzen zaitut; nik esandakoa entzutean, ohartarazi egin behar dituzu nire izenean.

18. Gaiztoren batek hil egin behar duela esaten badut, eta bere jokabide txarretik aldendu eta bizirik jarrai dezan zuk ez baduzu gaiztoa ohartarazten, hil egingo da bere erruarengatik, baina zuri eskatuko dizut haren heriotzaren kontu.

19. Aitzitik, zuk gaiztoa ohartarazi eta ez bada gaiztakeriatik eta jokabide txarretik aldentzen, hil egingo da bere erruarengatik, baina zuk onik aterako duzu zeure bizia.

20. Zintzoari, zuzentasunetik aldendu eta bidegabekeria egiten badu, estropezu eragingo diot eta hil egingo da; ohartarazi ez duzunez, hil egingo da bere erruarengatik eta ez diot aurreko jokabide zuzena kontuan hartuko; baina zuri eskatuko dizut haren heriotzaren kontu.

21. Aitzitik, bekatu egin ez dezan zintzoa ohartarazten baduzu, eta benetan ez badu egiten, bizirik jarraituko du ohartarazi duzulako, eta zeuk ere onik aterako duzu bizia».

Irakurri kapitulu osoa Ezekiel 3