Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 25:1-9 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Honela mintzatu zitzaidan Jauna:

2. «Gizaseme, zuzendu amondarrengana eta hitz egin nire izenean beraien kontra.

3. Esaiezu entzuteko nik, Jainko Jaunak, adierazten diedan mezua: “Bai ederki!”, esan zenuten nire santutegia profanatu zutenean, Israelgo lurraldea hondatu eta Juda herria erbesteratu zutenean;

4. horregatik, ekialdeko leinuak egingo ditut zuen jabe, zuen baitan ezarriko dituzte beren kanpalekuak eta bertan jarriko bizitzen; haiek jango dituzte zuen fruituak, eta zuen esnea edango.

5. Raba, gameluen esparru bihurtuko dut eta amondarren herrialdea artaldeentzako eskorta; orduan jakingo duzue ni naizela Jauna.

6. «Hau diot nik, Jainko Jaunak: Txaloka eta saltoka, poztu egin zarete Israel herriari gertatuaz, biziki mespretxatzen duzuelako;

7. horregatik, nik zuen kontra ekingo diot, nazio arrotzen harrapakin bihurtu eta herrien artetik ezabatuko zaituztet, herrialdeen artetik desagerrarazi eta suntsituko; orduan jakingo duzue ni naizela Jauna.

8. «Hau diot nik, Jainko Jaunak: “Juda herria beste nazio guztiak bezalakoa da” esan dute moabdarrek;

9. horregatik, Moabeko mugei erasoko diet eta hiririk gabe utziko, herrialdeko hiri preziatuenak ere suntsituz: Bet-Jeximot, Baal-Meon eta Kiriataim.

Irakurri kapitulu osoa Ezekiel 25