Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 21:21-37 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

21. Ezpata zorrotz hori,jo ezker-eskuin,jarri zeure ahoa edonon.

22. Nik ere egingo dut txaloeta neure suminaazkeneraino hustuko.Nik, Jaunak, hitz egin dut».

23. Honela mintzatu zitzaidan Jauna:

24. «Zuk, gizaseme, marraztu bi bide, Babiloniako erregearen ezpata etor dadin. Herrialde bakar batetik irtengo dira bi bideak. Bide bakoitzaren hasieran jarri seinale bat, ezpatak zein hiritara joan behar duen adieraziz:

25. bata, amondarren Raba hirira; bestea, Judako Jerusalem hiri gotortura.

26. Babiloniako erregea gelditu egin da bidegurutzean, bi bideen hasieran, etorkizunari buruz galdegiteko: geziak astindu ditu, idoloei kontsulta egin eta abere-erraiak aztertu.

27. Eskuinean dauka Jerusalemera seinalatzen duen gezia. Beraz, eman sarraskirako agindua, bota guda-irrintzia, jarri eraso-tresnak ateen kontra, eraiki lubetak eta eraso-dorreak.

28. Jerusalemdarrei gezurrezkoa iruditu zitzaien iragarpen hau, hitzarmena egina baitzuten babiloniarrekin; baina Babiloniako erregeak beren errua aurpegiratuko die, eta preso hartuko.

29. Beraz, hau diot nik, Jainko Jaunak: Zeuek salatu duzue zeuen errua eta agerian jarri zeuen hobenak; zeuek nabarmendu dituzue zeuen bekatu eta egintza txarrak; zeuen buruak salatu dituzue; horregatik, preso hartuko zaituztete bortxaz.

30. Zuri dagokizunez, Israelgo printze, gaizkile zital hori, heldu da zure ordua, azken zigorraren eguna.

31. Hau diot nik, Jainko Jaunak: Ken diezaiotela durbantea, kendu koroa; ezer ez da lehen bezala izango: behekoa goratua eta goikoa beheratua izango da.

32. Hondamendia! Hondamendia! Sekula gertatu ez den bezalako hondamendi bihurtuko dut dena; baina hau ez da gertatuko nik zigor-epaia betetzeko baimendu dudana heldu arte.

33. «Zuk, gizaseme, hitz egin nire izenean eta adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua, Israeli iseka egiten dioten amondarren kontra: Ezpata! Ezpata! Zorrotik kanpo zaude sarraskirako, leundua distira botatzeko.

34. Ikuskari faltsuak eta gezurrezko iragarpenak dituzte zuri buruz. Erabil zaitzatela gaizkile maltzurren lepoak ebakitzeko, iritsi baita horien ordua, azken zigorraren eguna.

35. «Ezpata, itzuli zorrora! Egina izan zinen lekuan epaituko zaitut, zeure sorterrian.

36. Neure amorrua isuriko dut zure gain; neure haserrearen sua bidaliko dut zure aurka, eta suntsitzaile amorratua den jende basatiaren esku utziko zaitut.

37. Suak irentsiko zaitu, zure odola zure herrialdean zabalduko da eta ez da zutaz inor oroituko. Nik, Jaunak, hitz egin dut».

Irakurri kapitulu osoa Ezekiel 21