Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 18:5-13 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

5. «Har dezagun, adibidez, gizon zintzo bat, zuzenbidez eta justiziaz jokatzen duena;

6. ez du sasikultu-lekuetako otorduetan parte hartzen, ezta uste ona jartzen ere Israelgo idoloetan; ez du lagun hurkoaren emaztea desohoratzen, ez da hurbiltzen ere hilerokoa duen emakumeagana;

7. ez du inor zapaltzen eta bahituran hartua itzuli egiten du; ez du lapurretarik egiten, baizik eta jatekoa ematen dio gosetuari, eta jantzia biluzik dagoenari;

8. ez du mailegurik lukurreriaz edo interesak kobratzeko egiten; ez du esku hartzen bidegabekerian eta alderdikeriarik gabe epaitzen du auzietan;

9. nire legeen arabera ibiltzen da eta nire erabakiak betetzen, leial jokatuz. Honelakoa gizon zintzoa da; beraz, bizi egingo da. Honela diot nik, Jainko Jaunak.

10. «Eman dezagun honek seme gaizkile eta odolzale bat izan duela, gauza hauetakoren bat egiten duena,

11. aitak ez bezala: sasikultu-lekuetako otorduetan parte hartzen du, lagun hurkoaren emaztea desohoratzen;

12. dohakabea eta behartsua zapaltzen ditu; lapurretak egin eta bahituran hartua ez du itzultzen; idoloetan uste ona jartzen du, higuingarritasuna eginez,

13. eta mailegua lukurreriaz egin eta interesak kobratzen ditu. Zin dagit neure biziarengatik hori ez dela biziko; gauza higuingarri horiek guztiak egin dituenez, hil egingo da, eta bera izango da bere heriotzaren errudun.

Irakurri kapitulu osoa Ezekiel 18