Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 18:24-32 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

24. «Zintzoari dagokionez, berriz, bere justiziatik aldendu eta, gaiztoak egin ohi dituen gauza higuingarri guztien antzera, txarkeria egiten badu, bizi egingo ote da, halere? Haren egintza zuzenak ez ditut gogoan hartuko. Egin dituen desleialkeria eta bekatuengatik hil egingo da.

25. «Esango duzue: “Ez da bidezkoa Jaunaren jokabidea”. Entzun, israeldarrok: Nire jokabidea ez dela bidezkoa? Zuena da bidezkoa ez dena.

26. Zintzoa, bere justiziatik aldendu, txarkeria egin eta hiltzen denean, egin duen txarkeriagatik hiltzen da.

27. Gaiztoak, berriz, egin duen gaiztakeriatik aldendu eta zuzenbidez eta justiziaz jokatzen badu, bizirik iraungo du.

28. Egindako txarkeriez ohartu eta guztietatik aldentzen bada, bizi egingo da, bai, eta ez da hilko.

29. Halere, zuek, israeldarrok, diozue: “Ez da bidezkoa Jaunaren jokabidea”. Nire jokabidea bidezkoa ez dela diozue, israeldarrok? Zuena da bidezkoa ez dena.

30. Beraz, Israel herri, nor bere jokabidearen arabera epaituko dut nik. Hau diot nik, Jainko Jaunak. Itzul zaitezte, aldendu zeuen gaiztakeria guztietatik eta ez zarete errudun bihurtuko.

31. Kendu gainetik egindako gaiztakeria guztiak, berritu zeuen bihotz-gogoak. Zergatik hil behar duzue, israeldarrok?

32. Nik ez dut atsegin inoren heriotza; itzuli, bada, eta bizi zaitezte! Nik, Jainko Jaunak, esana».

Irakurri kapitulu osoa Ezekiel 18