Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 18:1-15 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Honela mintzatu zitzaidan Jauna:

2. «Zer dela-eta errepikatzen duzue esaera hau Israel herrian: “Gurasoek mahats gordina jan, eta semeek hozkia”?

3. Nik, Jainko Jaunak, zin dagit neure biziarengatik, ez duzuela berriro esango esaera hau Israelen!

4. Hara! Bizi guztiak dira nireak, aitaren bizia nahiz semearena. Bekatu egiten duena, hori hilko da.

5. «Har dezagun, adibidez, gizon zintzo bat, zuzenbidez eta justiziaz jokatzen duena;

6. ez du sasikultu-lekuetako otorduetan parte hartzen, ezta uste ona jartzen ere Israelgo idoloetan; ez du lagun hurkoaren emaztea desohoratzen, ez da hurbiltzen ere hilerokoa duen emakumeagana;

7. ez du inor zapaltzen eta bahituran hartua itzuli egiten du; ez du lapurretarik egiten, baizik eta jatekoa ematen dio gosetuari, eta jantzia biluzik dagoenari;

8. ez du mailegurik lukurreriaz edo interesak kobratzeko egiten; ez du esku hartzen bidegabekerian eta alderdikeriarik gabe epaitzen du auzietan;

9. nire legeen arabera ibiltzen da eta nire erabakiak betetzen, leial jokatuz. Honelakoa gizon zintzoa da; beraz, bizi egingo da. Honela diot nik, Jainko Jaunak.

10. «Eman dezagun honek seme gaizkile eta odolzale bat izan duela, gauza hauetakoren bat egiten duena,

11. aitak ez bezala: sasikultu-lekuetako otorduetan parte hartzen du, lagun hurkoaren emaztea desohoratzen;

12. dohakabea eta behartsua zapaltzen ditu; lapurretak egin eta bahituran hartua ez du itzultzen; idoloetan uste ona jartzen du, higuingarritasuna eginez,

13. eta mailegua lukurreriaz egin eta interesak kobratzen ditu. Zin dagit neure biziarengatik hori ez dela biziko; gauza higuingarri horiek guztiak egin dituenez, hil egingo da, eta bera izango da bere heriotzaren errudun.

14. «Demagun bigarren honek semea duela, aitak egin dituen bekatu guztiak ikusita ere, berdin jokatzen ez duena:

15. ez du sasikultu-lekuetako otorduetan parte hartzen, ezta uste ona jartzen ere Israelgo idoloetan; ez du lagun hurkoaren emaztea desohoratzen;

Irakurri kapitulu osoa Ezekiel 18