Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 16:45-57 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

45. Senarra eta haurrak zapuztu zituen amaren alaba zara zu, eta senarrak eta haurrak zapuztu zituzten ahizpen ahizpa. Zuen ama hitita zen eta aita amortarra.

46. Zure ahizpa zaharrena Samaria da, bere hiriekin zure iparraldera bizi dena. Zure ahizpa txikiena Sodoma, bere hiriekin zure hegoaldera bizi dena.

47. Zuk ez duzu aski izan haien bideetatik ibiltzearekin beraien higuingarritasunak eginez, baizik eta, horri gutxi iritziz, haiek baino ere jokabide txarragoa izan duzu.

48. Nik, Jainko Jaunak, zin dagit neure biziarengatik, zure ahizpa Sodomak bere hiriekin ez zuela zuk eta zure alabek bezain txarto jokatu.

49. Hona zein izan zen zure ahizpa Sodomaren errua: harrokeria, sabelkeria eta erosotasun axolagabea izan zituzten berak eta beraren menpeko hiriek; ez zioten lagundu dohakabeari eta behartsuari.

50. Harropuztu egin ziren eta higuingarri zaizkidan gauzak egin; beraz, desagerrarazi egin nituen, dakizun bezala.

51. Samariak, berriz, ez zuen zure bekatuen erdirik ere egin; hark baino askoz jokabide higuingarriagoa izan duzu. Horregatik, zure aldean zuzenak ematen dute ahizpek.

52. Beraz, hartu desohorea zeure gain, ahizpek baino bekatu higuingarriagoak eginez leku onean utzi baitituzu haiek; zuzenak dirudite zure aldean. Beraz, lotsa zaitez eta hartu desohorea zeure gain, errugabeak bailiran utzi baitituzu ahizpak.

53. «Haien zoria aldatuko dut, Sodoma eta hirien zoria, Samaria eta hirien zoria (zure zoria ere aldatuko dut haiena bezala),

54. zeure desohorea har dezazun eta lotsa zaitezen egin duzun guztiaz; horrela, kontsolatu egingo dira haiek.

55. Lehengo egoerara itzuliko dira zure ahizpa Sodoma eta beraren hiriak, Samaria eta beraren hiriak (zu eta zure hiriak ere lehengo egoerara itzuliko zarete).

56. Zure harrokeri egunetan, ez al zinen gaizki-esaka ari izaten zeure ahizpa Sodomaz,

57. zure gaiztakeria agerian gelditu aurretik? Orain, edomdarren eta berauen auzoko filistearren hirien iseka-gai zara, alde guztietatik mespretxatzen zaituztelarik.

Irakurri kapitulu osoa Ezekiel 16