Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 16:24-35 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

24. prostituzio-lekuak eraiki zenituen plaza

25. eta bideburu guztietan; zeure edertasuna lohitzen zenuen, edonori zeure burua eskainiz eta lizunkerietan etengabe jardunez.

26. Egiptoarrekin, zeure ondoko gizonkote horiekin, prostituzioan jardun zenuen; horrela, lizunkeriak ugalduz, iraindu egin ninduzun.

27. Orduan, eskua luzatu nuen zu zigortzeko. Zure bizigaiak murriztu eta zeure etsai filistear hirien esku utzi zintudan, haiek ere lotsatu egiten zirelarik zure jokaera iraingarriaz.

28. Eta asegaitz, asiriarrekin ere prostituzioan jardun zenuen; baina, halere, ez zinen ase.

29. Hurrengo, merkatarien herrialdean, Babilonian, saiatu zinen prostituzioan; halere, ez zinen ase.

30. Hau diot nik, Jainko Jaunak: Ai, nola sumintzen nintzen zure kontra gauza horiek guztiak burutzen zenituenean, emagaldu amorratuenak bezala jokatuz!

31. Bideburu eta plaza guztietan prostituzio-lekuak eraiki zenituen; baina ez zenuen emagalduek ohi bezala jokatu, baztertu egiten baitzenuen lansaria.

32. Ai emazte adulteriogile hori, zeure senarraren ordez arrotzak hartzen dituzuna!

33. Emagaldu orori ematen zaio saria; zuk, ordea, zeuk eman zenizkien opariak zeure maitaleei; zeuk eskaini zenien dirua zuregana etor zitezen, zurekin lizunkeriak egitera.

34. Zuk, zeure prostituzioan, beste emakumeek ez bezala jokatu zenuen; ez ziren maitaleak zure bila ibiltzen; hartu ordez, zeuk ematen zenien dirua, ohi denaren kontrakoa eginez.

35. «Jerusalem emagaldu, entzun Jaunaren hitza!

Irakurri kapitulu osoa Ezekiel 16