Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 13:14-23 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

14. Bota egingo dut zuek kareorez estalitako harresia, lurrera eraitsi eta oinarriak agerian utziko. Erortzean, haren azpian galduko zarete zuek. Orduan jakingo duzue ni naizela Jauna.

15. Neure sumindura guztia hustuko dut hormaren eta kareorez estali dutenen aurka. Esango dizuet: Kito harresia! Kito kareorez estaltzen zutenak!

16. Kito Israelgo profetak, Jerusalemi nire izenean hitz egin eta, bakerik ez zegoenean, bake-ikuskariak azaltzen zizkiotenak! Nik, Jainko Jaunak, esana.

17. «Entzun, gizaseme, eman aurpegi zeure herriko emakumeei, beren kabuz profetagintzan diharduten horiei, eta hitz egin nire izenean horien kontra.

18. Adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua: Zoritxarrekoak, aztikeriaz jendearen gogoa menderatzeko, jende guztiarentzako eskumuturrekoak eta tamaina guztietako txanoak josten dituzuenok. Nire herriko jendea zeuenganatu nahi duzue zeuen probetxurako.

19. Neure herriaren aurrean profanatzen nauzue esku bete garagar eta ogi-zati batzuengatik; honela, engainatu egiten duzue sineskorra den nire herria, hiltzea merezi ez zutenak hilaraziz eta bizitzea merezi ez zutenak biziaraziz.

20. Beraz, hau diot nik, Jainko Jaunak: Hemen nauzue, jendea txoriak bezala harrapatzeko erabiltzen dituzuen lakio horien kontra. Nik desegingo ditut eskumuturreko horiek eta libre joaten utziko zuek menpean harrapaturiko jendeari.

21. Nik zarrastatuko ditut zuen txanoak eta libratuko zuen eskuetatik neure herria, eta ez dira aurrerantzean zuen harrapakin izango; orduan jakingo duzue ni naizela Jauna.

22. Zeren eta jende zintzoa atsekabetu baituzue gezurrekin, nik neuk atsekabetu nahi ez nuenean, eta gaiztoa bere asmoetan sendotu baituzue, bere jokabide gaiztotik itzul ez zedin eta, horrela, bizirik iraun ez zezan;

23. horregatik, ez duzue gehiago ikuskari hutsalik izango eta ez duzue iragarpenik egingo; zuen eskuetatik libratu egingo dut neure herria; orduan jakingo duzue ni naizela Jauna».

Irakurri kapitulu osoa Ezekiel 13