Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 13:1-16 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Honela mintzatu zitzaidan Jauna:

2. «Gizaseme, hitz egin nire izenean Israelen profeta omen direnen aurka; beren kabuz profetagintzan diharduten horiei, esan nire hitza,

3. Jainko Jaun honen mezua, entzuteko: Zoritxarrekoak ikuskaririk izan gabe beren burutazioei jarraitzen dieten profeta zentzugabe horiek!

4. Hondakin artean dabiltzan azeriak dira zure profetak, Israel.

5. Ez dute harresi-zulorik konpondu, ezta babes-hormarik eraiki ere Israel herriarentzat, Jaunaren egunean erasoari eutsi ahal izateko.

6. Ikuskari hutsalak eta iragarpen gezurtiak dituzte; “Jaunaren mezua” esaten dute, Jaunak bidali ez dituen arren; halere, beren hitza nik betearaztea espero dute.

7. Ez al dituzte ikuskari hutsalak? Ez al dituzte iragarpen gezurtiak egiten, nik hitz egin gabe “Jaunaren mezua” esaten dutenean?

8. Horregatik, hitz hutsalak eta ikuskari gezurtiak zabaldu dituztelako, beraien kontra esku hartuko dudala diot nik, Jainko Jaunak.

9. Neure eskua luzatuko dut ikuskari hutsal eta iragarpen gezurtiak dituzten profeten aurka; ez dira nire herriaren batzarrean egongo, ez da horien izenik Israel herriaren errolda-liburuan idatziko, ez dira Israel lurraldera inoiz itzuliko; orduan jakingo dute ni naizela Jainko Jauna.

10. «Nire herria desbideratu dute “Bakea!” esanez, bake-arrastorik ez zegoenean; nire herriak harresi pitzatua eraikitzen zuen bitartean, hauek kareorez estaltzen zuten.

11. Esan kareorez estaltzen dutenei: Uholde-euriak etorriko dira, harria botako du eta ekaitz-haizeak joko.

12. Harresia jausten denean, ez al dizuete esango: “Non da eman zenioten kareorea?”

13. Beraz, hau diot nik, Jainko Jaunak: Neure haserre-suminean ekaitz-haizea sorraraziko dut, uholde-euriak eta harri suntsitzailea bidaliko.

14. Bota egingo dut zuek kareorez estalitako harresia, lurrera eraitsi eta oinarriak agerian utziko. Erortzean, haren azpian galduko zarete zuek. Orduan jakingo duzue ni naizela Jauna.

15. Neure sumindura guztia hustuko dut hormaren eta kareorez estali dutenen aurka. Esango dizuet: Kito harresia! Kito kareorez estaltzen zutenak!

16. Kito Israelgo profetak, Jerusalemi nire izenean hitz egin eta, bakerik ez zegoenean, bake-ikuskariak azaltzen zizkiotenak! Nik, Jainko Jaunak, esana.

Irakurri kapitulu osoa Ezekiel 13