Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 12:10-26 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

10. Adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua, Jerusalemen dagoen printzearentzat eta bertako Israel herriarentzat dena.

11. Esan seinale zarela zu beraientzat; zuk egina eginaraziko diedala beraiei ere: erbestera joango dira gatibu.

12. Haien printzea, gauzak bizkarrean hartu, horman zuloa egin eta ilunpetan irtengo da. Aurpegia estaliko du herrialdea ez ikusteko.

13. Baina nik sarea botako diot gainera eta tranpan geldituko da harrapatua; Babiloniara eramango dut, eta babiloniarren herrialdean hilko da, hura ikusi ere egin gabe.

14. Beraren ingurukoak, guardia eta gudari-taldeak, alde guztietara sakabanatuko ditut eta ezpataz pertsegituko.

15. Orduan, nazio artean sakabanatu eta herrialde artean barreiatuko ditudanean, jakingo dute ni naizela Jauna.

16. Baina haien artetik batzuk —gerratik, gosetik eta izurritik ihes egindako batzuk— bizirik utziko ditut, joango diren nazioetan beren jokaera higuingarriak konta ditzaten; eta horrela jakingo dute atzerritarrek ni naizela Jauna».

17. Honela mintzatu zitzaidan Jauna:

18. «Gizaseme, egin dar-dar ogia jatean, azaldu estu eta larri ura edatean.

19. Gero, adierazi herriko jendeari nik, Jainko Jaunak, Israelgo eta Jerusalemgo biztanleentzat diodana: Larri jango dute beren ogia eta izu-ikaraz edango ura, herrialdea suntsiturik eta jende gabe geldituko baita, bertako biztanleen indarkeriagatik.

20. Hiri jendetsuak errausturik eta herrialdea suntsituta geldituko dira. Orduan jakingo dute ni naizela Jauna».

21. Honela mintzatu zitzaidan Jauna:

22. «Gizaseme, zer da Israeli buruz darabilzuen esaera hori: “Eguna joan eta eguna etorri, baina ikuskaririk betetzen ez”?

23. Adieraz iezaiezu nire, Jainko Jaun honen, mezua: Nik kenduko dut esaera hori, ez da berriz Israelen errepikatuko. Baina beste hau ere adierazi: Hurbil da eguna, ikuskari guztiak beteko direnekoa.

24. Ez da jadanik ikuskari hutsalik eta iragarpen gezurtirik izango Israel herrian.

25. Nik, Jaunak, hitz egingo dut eta esaten dudana luzatu gabe beteko. Zuek, herri errebeldea, bizi zareten bitartean betearaziko dut esandakoa. Nik, Jainko Jaunak, esana».

26. Beste hau ere esan zidan Jaunak:

Irakurri kapitulu osoa Ezekiel 12