Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 12:1-9 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Honela mintzatu zitzaidan Jauna:

2. «Gizaseme, herri errebeldearen artean bizi zara; badituzte begiak ikusteko, baina ez dute ikusten; belarriak entzuteko, baina ez dute entzuten; izan ere, herri errebeldea da.

3. Zuk, gizaseme, egin erbesteratuarena: hartu behar-beharrezkoa eta zoaz erbestera egun-argiz beraien aurrean. Zauden lekutik beste baterantz joango zara beraien aurrean. Agian, orduan ohartuko dira herri errebeldea dela.

4. Erbestera joango bazina bezala, zeure fardela aterako duzu egun-argiz beraien aurrean, eta zu zeu arratsean irtengo zara, erbesteratuak irteten diren bezala.

5. Beraien aurrean, zulo bat egingo duzu horman eta handik aterako zeure fardela.

6. Beraien aurrean, bizkarrean fardela harturik, ilunpetan aterako zara; estali aurpegia zeure herrialdea ez ikusteko, seinale bihurtu baitzaitut Israel herriarentzat».

7. Bete nuen agindu zitzaidana. Egun-argitan prestatu nuen fardela, erbesterako beharrezkoarekin; arratsean horma zulatu nuen eskuz eta ilunpetan atera nintzen, fardela bizkarrean harturik, guztien aurrean.

8. Biharamun goizean, esan zidan Jaunak:

9. «Gizaseme, Israel herriak, herri errebelde horrek, ez al dizu galdetu zertan zabiltzan?

Irakurri kapitulu osoa Ezekiel 12